Elkarretaratzeen bidez salatu dute Zarautzen Orioko hilketa matxista

Juan Luis Romatet 2023ko mai. 18a, 19:30

Bi elkarretaratze egin dituzte, biak ere leku eta ordu berean: Urola Kostako Mugimendu Feministak eta Itaia emakumeon antolakunde sozialistak antolatutakoak, hain zuzen. 

Orion astearte arratsaldean izandako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte arratsaldez ere Zarautzen. Goizez, udalak deitutako protesta isila egin dute eguerdi partean.

Arratsaldean, berriz, bi kontzentrazio egin dituzte Lege Zaharren enparantzan. Urola Kostako Mugimendu Feministak deitutakoa, bata, eta Itaia emakumeon antolakunde sozialistak deitutakoa, bestea. Elkarren ondoan izan dira bi mugimenduetako kideak eta amaieran babesa erakutsi diete zendutako emakumearen familiartekoei. Indarkeria matxistaren aurrean antolaketaren eta autodefentsaren deia ere luzatu dute.