Bide onetik hasi dute Munduko Surf Txapelketa Aritz Aranburuk eta Keoni Lasak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko eka. 1a, 10:50
Aritz Aranburu, atzo, El Salvadorreko Munduko Surf Txapelketan (Pablo Jimenez, Isasurf)

El Salvadorren ari dira lehiatzen eta datorren urteko olinpiar jokoetarako txartelen bat lortzeko ahalegina egingo dute. Gaur, Adur Amatriainek eta Nadia Erostarberen txanda izango da.

Adur Amatriain eta Nadia Erostarbe Aritz Aranburuk eta Keoni Lasak hasitako bideari jarraipena ematen ahaleginduko dira gaur El Salvadorren. Zarauzko lau surflariak Munduko Txapelketa ari dira lehiatzen eta Aranburuk eta Lasak lehenengo jardunaldia gainditzea lortu zuten atzo. Atzo bertan abiatu zuten txapelketa, hain justu.

Aranburuk bere txandan bigarren sailkatuta egin du aurrera. Lasak, berriz, txanda irabazita. Ez du aurkari erraza izan Venezuelako selekzioarekin ari den zarauztarrak; izan ere, asko estutu du Frederico Morais portugaldarrak. 2021ean munduko hamargarren surflari onena izan zen Morais eta 0.11koa baino ez da izan bi surflarien arteko aldea. Lasak 11.94 puntu lortu ditu bere bi olatu onenak gehituta eta 11.83 portugaldarrak.

Lehenengo txanda gaindituta, bi surflari zarauztarrek dagoeneko badakizkite bigarrengoan izango dituzten aurkariak: Aboubakr Bouaouda marokoarraren, Gian Marco Oliva dominikarraren eta Cody Young kanadiarraren aurka arituko da Aranburu, eta Sebastian Olarte uruguaitarraren, Luke Dillon britainiarraren eta Liam Wilson samoar estatubatuarraren aurka Lasa.

Edonola ere, Aranburuk eta Lasak bigarren kanporaketa hori jokatu aurretik, Adur Amatriainen eta Nadia Erostarberen txanda izango da gaur. Biek ala biek gaur izango dituzte lehenengo lanak el Salvadorreko Munduko Surf Txapelketan eta beste herrikideek jada egin bezala hurrengo kanporaketa jokatu ahal izateko txartela lortzea izango dute helburu. Ordu berean arituko dira biak, El Salvadorreko 11:30ean –Zortzi ordu gehiago Euskal Herrian–, eta honako aurkariak izango dituzte: Amatriainek Indonesiako I Ketut Agus, Guatemalako Elder Vega eta Guameko Derrick Ikehara, eta Erostarbek Argentinako Ornela Pellizari, Britainia Handiko Alexandra Kolla eta Guatemalako Karin Leone.