Zarauzko udal zergak eta tasak %4 igotzea onartu dute 2024rako

Aritz Mutiozabal 2023ko ira. 30a, 10:00
Osteguneko udalbatzarrean, Udal Gobernuko kideak baiezkoa bozkatzen. (Aritz Mutiozabal)

Udal Gobernuko kideek beharrezkotzat jo dute ordenantza fiskalen igoera, udalak eskaintzen dituen zerbitzuak "eskaintzen jarraitu ahal izateko". EH Bilduk, aitzitik, "gehiegizkoa" dela iritzi dio igoera "inflazioaren gainetik ezartzea".

2024. urterako ordenantza fiskalen hasierako onespenari bide eman zioten ostegun arratsaldean, ikasturte hasierako lehenbiziko udalbatzarrean. Udal Gobernuak zerga eta tasen %4ko igoera proposatu zuen datorren urterako, azken hiru urtetan –COVID 19aren krisialdia eta Ukrainako gerra medio–ia izoztuta eduki ondoren, eta gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EE ordezkarien aldeko botoekin egin zuen aurrera proposamenak. Oposizioa ordezkatzen duen EH Bildu udal taldeak, berriz, kontrara bozkatu zuen.

“Gaurkotze proposamen bat dakargu, azken urteetan ez delako halakorik egin zenbatekoei eta kuotei dagokionez. Beraz, %4ko igoera planteatzen dugu, iruditzen zaigulako eskaintzen ditugun zerbitzuak eskaintzen jarraitu behar dugula. Udalaren martxak aurrera jarrai dezan ezinbestekoa da tasa eta zergak igotzea, eta, jakina, beste aldaera batzuk ere behar dira, Foru Funtsaren laguntza, alegia. Espero dugu igoera hau aurtengo kontua bakarrik izatea, eta datozen urteetan egoerak hobera egitea”, azaldu zuen Iker Basurko Ogasun zinegotziak.

PSE-EEko bozeramaile eta Udal Gobernuko kide Gloria Vazquezek “beharrezkotzat” jo du hiru ekitaldiren ostean tasak eta zergak igotzea. Edonola ere, nabarmendu nahi izan zuen tasa sozialak mantendu egin dituztela, “gutxien dutenek gutxiago ordaindu dezaten”. Beraz, “diru-iturri gutxiago duten familiek gutxiago ordainduko dute herritarron elkartasunari esker”, zehaztu zuen Vazquezek. Etxebizitza hutsen OHZ-ren errekargua %100ekoa izaten jarraituko du, eta Bizigune programara gehitzen diren etxebizitzei %50eko hobaria aplikatuko zaie. Halaber, hobariak mantendu dituzte etxebizitzetan eguzki plakak jartzen dutenentzat, baita fatxaden birgaitze energetikoa egiten dutenentzat ere. Autoenplegura begira ere %40 hobariak zehaztu dituzte.

Ordenantza proposamena eztabaidatu eta bozkatu aurretik, Ogasun zinegotziak aurkeztutako hainbat emendakin onartu zituzten aho batez, batik bat orain arteko ordenantzak eguneratzeko baliagarri direnak; besteak beste, hobari teknikoetan eta halakoetan.

"Gehiegizko igoera"

EH Bildu kritiko agertu zen ordenantza proposamenarekin, eta batez ere zerga eta tasen gehiegizko igoerarekin. Ion Arozena koalizio abertzaleko zinegotziak gogora ekarri zuen iaz ere ez zirela ados ordenantzak izoztearekin, eta zerbait igotzea proposatzen zutela. EH Bilduren proposamena %2,8 igotzea zela eta eskaera hori egin ziola Udal Gobernuari. “Beraz, igoera orokor hau inflazioaren gainetik ezartzea aurten gehiegizko iruditzen zaigu, batez ere bizikidetza unitate zaurgarrienentzat”, Arozenaren iritziz. Horrez gain, koalizioak uste du udal hauteskundeek eragina izan zutela iazko ordenantzak izozteko garaian: “Orduan jaso ez zirenak orain errekuperatu nahi direla iruditzen zaigu”.

Orain arte etxebizitza hutsen OHZ-ren errekargua %150koa eskatu du EH Bilduk, eta aurten%100ekoarekin ados zegoen, baina baldintza zehatz batekin: “Iaz salbuespenerako kontsumoak eskatzen genituen moduan, aurten kentzeko eskatzen genuen. Etxebizitza hutsak erroldatu gabeko jendearenak dira, eta horiek ez dute Foru Funtsetatik ezer aportatzen. Beraz, guztiek ordaindu beharko lukete errekargua”. Bestalde bi eskaera egin zituen Arozenak 2025era begira: bata, jenderik gabeko herriko etxebizitzen azterketa egin eta kanon bat ezartzea epe ertainera, eta bestea, progresibitatean oinarritutako ordenantza fiskal batzuen garapena aztertzea.

Iker Basurkok zehaztu zuen haien konpromisoa Zarautz 2030 proiektu estrategikoarekin bat doala, eta “efizientzia” horretan ari direla lanean herritarrekin. “Udala, beste edozein erakunde bezala, familia ekonomia bezalako enpresa baten moduan, egoerara egokitu behar du, eta herritar guztiok egin behar dugu esfortzu bat. Zentzu horretan, gure egitekoa da ordenantzak egingarriak izatea, eskaini nahi ditugun zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko herrian eta Zarauzko Udala eraginkorra izaten segi dadin. Gure konpromiso nagusi da herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzea”.