Zarauzko saihesbide berriko obrak urte amaierako lizitatzea espero dute

Aritz Mutiozabal 2024ko ots. 24a, 09:00
Zarauzko alkate Xabier Txurruka eta Bide Azpiegituretako diputatu Maria Ubarretxena, saihesbide berriaren aurkezpenean. (Mireia Galarza Bastida)

Bide Azpiegituretako diputatu Maria Ubarretxenak eta Zarauzko alkate Xabier Txurrukak trafiko astuna herrigunetik desbideratzeko azpiegituraren proiektua aurkeztu zuten atzo goizean. Jada jendaurrean dago erakusgai, eta obrak exekutatzeko aurrekontua 9,8 milioi eurokoa izango da.

Astiko biribilgunearen eta Errotaberri industrialdearen arteko saihesbide berriaren proiektua jendaurrean dago, eta horren berri emateko agerraldia egin zuten atzo goizean, Alkatetzan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatu Maria Ubarretxenak eta Zarauzko alkate Xabier Txurrukak. "Gure konpromisoa da proiektu hau gauzatzea. Bere bidea egiten ari da,  eta espero dugu laster onartzea, lizitazioarekin hasteko", nabarmendu zuen Ubarretxenak. Aldundiaren asmoa da obrak urte bukaerarako lizitatzea. Era berean, saihesbidea udalerriarentzat "garrantzitsua" izango dela azaldu zuen, "trafiko astuna" herri barrutik kentzea ahalbidetuko duelako.

Saihesbideak kilometro eta erdiko luzera izango du AP-8 autobideko irteerako biribilgunetik Frantsesbideko bidegurutzeraino, Errotaberri industrialdea eta Aritzbatalde auzoak lotzen dituen sarbide berriraino. Diputatuak azpimarratu zuenez, egitasmo honekin "borobildu" egingo dituzte azken urteotan inguruan egindako ekintzak eta eraldaketak. Zentzu horretan, aipagai izan ditu AP-8an kilometro bat baino gehiagoan -Herrikosoro kalearen parean- instalatutako zarataren aurkako pantailak, Bilborako noranzkoan, edo Itxasmendi auzoko beheko pasabidea birgaitzeko obrak.

Azken horrekin lotuta, autobidean errei gehigarri bat eraikitzen ari dira, bidesari nagusira iritsi aurretik, segurtasuna hobetzeko eta auto ilarak murrizteko. Lanak amaitzen ari dira, eta errei berria datorren hilabete eta erdirako erabilgarri egotea espero du Ubarretxenak. "Hobekuntza horiekin eta bide berria eraikitzearekin batera, 14,5 milioi euroko inbertsioa egingo du aldundiak AP-8ko sarbidea eta Zarautz hegoaldeko mugikortasuna hobetzeko. Horrek eragin zuzena izango du zarauztarren ongizatean eta ingurune horretan kokatutako enpresen lehiakortasunean", zehaztu du diputatuak.

Xabier Txurrukak eskerrak eman zizkion foru diputatuari saihesbide proiektuarekin eta herriko bide azpiegiturekin lotutako gainerako proiektuetan egindako hobekuntzengatik. "Horrenbeste borrokatu dugu saihesbidearen proiektua, aldundiari esker, jada egina eta jende aurrean dago. Lurren kudeaketa lana ere bukatzen ari dira, eta behin proiektua onartzen denean lizitaziora aterako da. Horrek esan nahi du agintaldi honetan ikusiko dugula obra hauek nola hasi eta bukatzen diren, azpimarratu zuen alkateak.

Herriarentzat proiektu estrategikoa dela zehaztu zuen Txurrukak, eta zatika egiten joan direla, trafiko astuna herrigune barrutik ekidin eta "Frantsesbideko lotune horretara iristeko asmoz". Asti izango azpiegitura honen ardatz nagusia, eta hainbat diseinu aztertu ondoren, zehaztu duten azken proiektuarekin "gustura" daudela nabarmendu du alkateak. Obrak exekutatzeko aurrekontua 9.767.654,32 eurokoa izango da, eta gauzatzeko epea, berriz, 18 hilabetekoa. Aldundiak espero du lanak egiten datorren urtean hasi ahal izatea.

Hiru biribilgune eta bi norabideko bide berriak

Azpiegitura berriak bi errei izango ditu, bi norabidetan, eta, guztira, 1.560 metroko luzera izango du, Astiko biribilgunetik (AP-8 irteera) Frantsesbidea kalearekin bat egiten duen tokiraino. Azken tarte hori T formako elkargune batean amaituko da. Era berean, Astiren egungo biribilgunea egokitu egingo dute eta elipse forma izango du, adar berriari lekua egiteko.

Adar berri hori Bidegiko instalazioen atzetik igaroko da, bi noranzkorekin, eta autobidea azpitik zeharkatuko du, Sarobeaundiraino. Bertan biribilgune berri bat egingo dute, hiru adarrekin, Buztinzuriko biribilguneraino. Bestalde, adarretako batek saihesbidea Zarauzko hirigunearekin lotuko du Buztinzurin, autobidearen azpiko pasagunearen bidez.

Diseinua puntuz puntu

  •  - Astiren biribilgunea: Biribilguneak forma eliptikoa izango du, bosgarren adarra sartu ahal izateko.
  • - Bi norabideko bidea, Astiko biribilgunetik Sarobeaundiko biribilguneraino (650 m): Astiren biribilgunetik abiatzen den bide berria Bidegiren eraikinaren atzetik doa, bi norabidekoa izango da, eta AP-8a gurutzatuko du autobidearen azpiko kaxoitik. Sarobeaundiko biribilgunean amaitzen da.
  • - Sarobeaundiko biribilgunea: 40 metroko kanpo-diametroko biribilgunea, 3 adarrekoa (irteera AP-8 autobidetik, Asti biribilgunearekin lotzeko bidea eta industrialderantz lotzeko bidea). Bi norabideko bidea, Sarobeaundiko biribilgunetik Buztinzuriko biribilguneraino (390 m).
  • - Buztinzuriko biribilgunea: 36 metroko kanpo-diametroko konexio-biribilgunea, Zarauzko hirigunearekin lotzen dena AP-8aren azpiko pasabidearen bidez. Jarduketa koordinatua AP-8ko irteera hobetzeko proiektuarekin. Proiektu hori Bidegik egingo du aldez aurretik, eta ondoko industria-pabiloiaren zati bat eraistea eta Buztinzuriko azpiko pasabidea handitzea barne hartzen ditu.
  • - Buztinzuriko biribilgunetik T-ko elkarguneraino bi norabideko bidea, AP-8ko goiko pasagunearen parean (Frantsesbidea kalea). Guztira 520 metro
  • - T-rako elkargunea Frantsesbidea kalearekin: 2021ean Frantsesbidea kalearen eta industrialdearen artean gauzatutako bidearekin lotzea, industrialdeari funtzionaltasun handiagoa emango diona. Elkargunearen inguruan, lehendik dagoen bide-sarearekiko lotura berrezartzen da, eta hortik igaroko da oinezkoen trafikoa. Saihesbideko galtzada ibilgailuen trafikorako baino ez da geratuko proiektuan.