Eskalatzaileen lehia hasi da Zarautzen

Andrea Zipitria 2024ko mar. 2a, 13:00

150-160 partaide inguru ari dira parte hartzen Zarauzko I. Boulder Txapelketan. Euskal Herritik zein Espainiako eskalatzaile ezagunak dira asko.

Estreinakoz antolatu du Zarauzko I. Boulder Txapelketa Klimb Zarautzek, eta goizean goiz eskalatzaileek hartu dute rekodromoa. Euskal Herriko zein Espainiako eskalatzaile onenetakoak bildu ditu lehenengo edizioak. 150-160 partaide inguru, hain zuzen ere.

Eskaladari bultzada emateko asmoarekin antolatu dute txapelketa, eta egin duten apustua handia izan dela zehaztu dute antolatzaileek. Horregatik, banatuko dituzten sariak ere maila horretakoak izango dira: bi txapeldunek 1.000 euro jasoko dituzte. Horiek nortzuk izango diren, ordea, arratsaldean jakingo da. 19:00etan jokatuko da final handia.

Eskalada festak bihar jarraipena izango du. Gaztetxoak arituko dira txapelketan. 7 eta 15 urte bitartekoei zuzendutako topaketa egingo dute. Orotara, 140 gaztek eman dute izena.