Emakumeen aldarrikapenek Lege Zaharren Enparantza bete dute Martxoaren 8an

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 8a, 22:30

Bi mobilizazio hartu ditu Zarauzko udaletxearen aurrean dagoen plazak: batetik, Urola Kostako Itaiarena 18:30ean, eta, bestetik herriko Koordinadora Feministak deitutako manifestazioaren amaierako ekitaldia.

Emakumeen Nazioarteko Eguna aldarrikapenerako eguna izaten da eta hala erakutsi dute gaur arratsaldean ere Zarautzen. Bi protesta egi dituzte eta Lege Zaharren Enparantzan izan dute erdigunea: batetik, Urola Kostako Itaiak elkarretaratzea egin du, eta, bestetik, manifestazioa Zarauzko Koordinadora Feministak.

Azken hori izan da jendetsuena; eta horren adibide garbiena da manifestazioak utzi duen irudia. Anbulatoriotik abiatu dute protesta eta burua herrigunera daraman zuzengunea amaitzen ari zela, jende multzoaren azken lerroa anbulatorio pareko biribilgunean zegoen oraindik. Hala, Lege Zaharren Enparantza ere leporaino bete dute protesta amaierako ekitaldian.

Bilgune Feministako eta Morroxkak herriko neska gazteen taldeko kide bana izan dira hitza hartu dutenak ekitaldi horretan, eta azaroaren 30eko greba feminista izan dute gogoan. "Historikoa" izan zela nabarmendu dute, eta protesta hura egiteko arrazoiak gogoratu dituzte. Salatu dutenez, ordutik hiru hilabete igarota, "bide beretik" jarraitzen dute. Hala, salatu dute "emakumeen lan-indarra esplotatzen duen sistema heteropatriakal kapitalista" bati egin behar diotela aurre, "bai etxean, bai enpleguan, baita dohainik eta aitortu gabe egiten ditugun zaintza lanetan ere". Horrek, "zuzenean prekarietatera eta etengabeko zapalkuntza egoeran bizitzera kondenatzen" dituela gaitzetsi dute.

Halaber, "Palestinar herria jasaten ari den genozidio eta sarraskia" gogoratu nahi izan dute, eta, "bereziki emakume palestinarrak, emakumeen gorputzak izaten direlako lehen konkista-lurraldeak". Bide beretik, "migrazio prozesua abiarazi eta Europara iristerakoan Atzerritartasun Legearen ondorioz, indarkeria jasaten ari diren emakumeak" ere izan dituzte gogoan, "baita indarkeria matxistaren ondorioz eraildako, bortxatutako, jazarritako eta etxetik kanporatutako emakume eta neskato guztiak ere". Hala, "justizia feminista" aldarrikatu dute.

Ekitaldia amaitzeko, Konplize ditut eta abestia kantatu dute bertaratu guztiek plazaren erdigunean Zarauzko Abesbatzakoak kokatuta, eta, azken-azkenik dantza ere egin dute. Behin ekitaldia amaituta, emakumeen batukadarekin jarraitu dute anbulatorioan hasitakoa borobiltzeko.

"Zentzu iraultzailea berrezartzek" deia, Itaiak

Urola Kostako Itaia emakumeen antolakunde sozialistak, bere aldetik, eskualdeko herrietako dozenaka lagun bildu ditu protesta egiteko "emakume langileak sozialki zapalduak izaten jarraitzen dutelako", oraindik. Era berean, arazo horri aurre egiteko instituzioen jarrera salatu dute "itxuraz aurrerakoiak diren legeek eta politikek ez dietelako emakume langileen problematikari heltzen". Halaber, adierazi dute berdintasun politika horiek klase ertaineko emakumeei soilik egiten dietela mesede. Hori horrela, "beharrezko" jo du gaurko Martxoaren 8ko aldarrikapen egunaren "zentzu iraultzailea berrezartzea".

Ildo beretik, "euskal politikagintza profesionalean zaintza auziak hartu duen presentzia" kritikatu dute, alderdi guztiek "proposamen bertsua" egiten dutelakoan: zaintza sistema publiko-komunitarioa. Zentzu horretan, Itaiak adierazi du eztabaida "alderdikoia" ari dela izaten eta ez duela zentzurik, "sistema kapitalista eta hura sostengatzen duten erakundeak direlako hori bultzatzen ari direnak, eta, hain justu sistema bera delako emakume langileen zapalkuntza betikotzen duena".

Hori horrela, emakumeen antolakunde sozialistak aldarrikatu du "emakumeak aktibo politiko bilakatzea" dela irtenbidea, eta, horretarako ezinbestekoa dela lan politiko guztia sozialismoaren eraikuntzan kokatzea. Hala, langileen bizi baldintzen alde Itaiak antolatzen dituen ekimenetan parte hartzeko deia egin antolakundeak.