Gutuna

Hitzako banatzaileari

Maite Arruti Arakistain 2024ko mar. 12a, 12:45
Urola Kostako Hitzaren ale bat bustita buzoira sartzen (Guka)

Maite Arruti Arakistainek ondorengo gutuna helarazi du Hitzako banatzailearen lana aitortzeko eta haren egitekoari balioa emateko.

Gaur Hitza bustita iritsi zait, busti-bustita.

Egunero ematen diot gainbegirada gosaltzeko garaian. Ez dit denbora gehiago ematen, goxo egoten da ohean. Baina norbait goiz ibili da, eta Hitza bustita ekarri dit.

Hausnarrean nenbilen martxoaren 8an, egungo neskek astronauta, futbolari… izateko duten eskubideaz. Ez diot inori sekula entzun, ordea, periodiko-banatzaile izan nahi zuenik. Baina norbaitek egiten du lan hori, eta niri bustita ekarri dit.

Pentsatzen dihardut, zer ote dagoen banatzailearen atzean, ze ilusio, ze behar, ze frustrazio… Eta bizikletaz irudikatu dut, aterik ate, haize eta euri, ordu txikitako mozkorrei ihesi, haizeak egunkaritako orriak zeruetara eramaten… makina baten purrustadak jasaten. Gure miseriaren baitan baitago lan astunena egiten dutenagatik kexatzea (gutxien kobratzen dutenagatik, alegia).

Izango da puskatuta ekartzen diola esaten duenik, falta zaiola dionik (niri auzokide "euskaltzale amorratu" batek zakarrontzira botatzen zidan), izango da berandu iristen zaiolako marmarrean dabilenik ere… eta niri bustita iritsi zait.

Haizea zakar dabil, euria gogor. Hainbat teilatutan arazoak egon omen dira. Sabai-leihoak eta teilak hegan egin dute, ura sartu da ganbaretan… eta niri Hitza busti-bustita iritsi zait. Hain bustita ere, banatzaileak ezin izan duela ate azpitik sartu. Publizitate-postontzian utzi du, Eroskiko ofertekin batera.

Eta beste dimentsio bat hartzen dute gauzek atzekoz aurrera begiratzean. Hitza horrela etorri bada… nola iritsi da banatzailea?

"Ez dago azarik teilatuetan" zioen nire amamak, eta Hitza ez da atarian ernetzen. Eta euria egin du, haizea, izotza, eta partitzaileak izango du norbait etxean, bere ongizateaz beldur, zeruko hodeiei erregu. Izango du, bihotz kezkatu bat zain, etxera noiz itzuliko.

Eta gaur berandu iritsi naiz lanera. Bustitako Hitzaren orriak banaka zabaldu ditut mahaian. Gaur ez diot gainbegirada bat eman. Gaur goitik behera irakurri dut kafesnearen lurrinpean, nire atarira ekartzeko egindako ahaleginak ez duelako gutxiago merezi, badaudelako euskaragatik lan egiten duten beste asko, idatzi eta irakurri egiten dugunotik at.

Idatzi hau paperean argitaratuko balitz, nire esker onak zure besapean etxera iristeko ohorea izango luke, zuk ahalbidetzen duzulako egunero.

Banatzaile ezezagun horri, gure etxekoen partez: ESKERRIK ASKO!