Eguneko zentroa eta udal artxiboa kokatuko dituzte Iñurritzako eraikin berrian

Aritz Mutiozabal 2024ko api. 12a, 11:30
Iban San Martin zinegotzia eta Xabier Txurruka alkatea, Iñurritzako eraikintzen obren aurrean. (Zarauzko Udala)

Lokal berriak egungo eskaerak eta beharrak erantzuten lagunduko du, aldundiak Kortazarren zentro berria eraiki bitartean. Iñurritzako urbanizazioko garajeen bigarren sotoan, bestalde, 124 aparkaleku plaza bereganatu ditu udalak, eta aparkaleku publikora bideratuko ditu.

Zarauzko Udalak zehaztu du Iñurritzako Eguzki Izarra partzelan egiten ari diren eraikinaren enpresa sustatzaileak emandako behe solairuetako bi lokalek izango duten erabilera. Lokaletako batek 205 metro koadro ditu, Iñurritza errekatik hurbilen dagoenak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari lagako dio, bertan eguneko zentro berri bat ezartzeko.

Zerbitzuak egun dauden beharrak arintzen lagunduko du, aldundiak Kortazarreko partzelan Eguneko Zentroaren egoitza berria eraiki bitartean. Xabier Txurruka alkateak adierazi duenez, zentro berriak "gaur egun Zarautzen eta eskualdean dagoen plaza eskaera handiari erantzungo dio".

Bigarren lokala, berriz, Zarauzko Udalaren artxibategia izango da. Historian zehar, udal artxiboak hainbat egoitza izan ditu eta, orain, behin betiko kokalekua emango diote Iñurritzako eraikin berrian, Nafarroa kalearekiko paralelo. Lokal horrek 265 metro koadro izango ditu.

124 aparkaleku publiko

Udalak eta enpresa sustatzaileak Iñurritzako hirigintza planaren aldaketan hartutako akordioaren ondorioz, udalak 124 aparkaleku plaza izango ditu urbanizazioko garajeen bigarren sotoan, eta aparkaleku publikora bideratuko ditu. "Autobiderako sarbidea gertu egotea aparkaleku hau kudeatzeko aukera bat" dela uste du Txurrukak, eta 2025eko udako martxan jartzea espero dute.

Bien bitartean, Eguzki Izarrako obrek aurrera jarraitzen dute. Duela urtebete zozkatutako babes ofizialeko 24 etxebizitzak eta 36 etxebizitza tasatuak eraikitze lanak bide onean doaz, eta inguruko urbanizazioa osatuko duten elementuen xehetasunak zehazten hasi dira. Halaber,  Nafarroa eta Gipuzkoa kaleen arteko biribilgunearen lanak oso aurreratuta daude eta udaberri honetan bertan amaitzea espero dute.