Ander Gonzalez de Txabarri: "Gauza batzuk zientzia fikzioa balira bezala jorratzen dira"

Aritz Mutiozabal 2024ko api. 17a, 10:00
Arkamurka Natura Taldeko kide Ander Gonzalez de Txabarri. (Aritz Mutiozabal)

Ohore bat da Arkamurka Natura Taldeko kide Ander Gonzalez de Txabarrirentzat (Zarautz, 1995) hizlari aritzea Astronomia Astean. Gaur, komunikazioan gauzatzen diren praktika txarrak izango ditu aztergai.

Iazko edizioa berezia izan zen, urteurren borobila zelako, eta aurten ohiko moldera itzuli zarete.

Iaz Astronomia Astearen 25. urteurrena izan genuen, eta bi astera zabaldu genituen saioak. Zientzia Planetarioko eta EHUko pertsona oso potenteak gonbidatu genituen, eta benetan edizio polita izan zen Antoniano aretoan egin genuena. Aurten, iazko ajeak alde batera utzita, lehengora itzuli gara: bi hitzaldi prestatu ditugu aste honetarako, eta larunbatean gau behaketa egingo dugu. Gainera, astebururako eguraldi ona dago iragarrita, eta ea behingoz zerbait egin dezakegun.

Zuk eskainiko duzun Praktika txarrak komunikazioan hitzaldiarekin abiatuko da gaur astea. Praktika txarrak hedabideen aldetik ala zientzia dibulgazioaren aldetik izan ohi dira?
Nire hitzaldian aztertuko dudana da zientzialariek zientzia egiten dutenean informazio hori publikoari nola transmititzen dioten; hau da, dibulgazioa nola egiten duten. Normala denez, praktika batzuk hobeto egiten dira eta beste batzuk okerrago, eta bitartekari edo agente ezberdinak aztertu ditut, badaudelako pizgarri sistemak, batzuetan perbertitu egiten direnak. 

Beraz, eredu batzuen bitartez, gaurko saioan azalduko dut zientzialariek beraiek zer pizgarri dituzten komunikatzeko orduan eta zer akats edota ustelkeria egiten dituzten batzuetan. Ondoren, komunikabideek jokatzen duten papera landuko dut; batzuetan sentsazionalismoan edo clickbaitean erortzen dira, eta praktika horiek nola detekta daitezkeen azalduko dut. Ondoren, publiko gisa, aipatuko dugu zer-nolako tresna kritikoak ditugun hori aztertzeko. Hitzaldiaren bigarren zatian, berriz, pare bat kasu aztertuko ditugu: bata, hedabideek sortutako akatsen ingurukoa da, eta bestea, bi zientzialari ospetsuren kasua [Michio Kaku eta Abraham Loeb astrofisikariena], haien prestigioa nahiko zalantzan jarri dutena.

Askotan jendeak astronomia zientzia fikzioarekin lotzen du. Agian, erakargarritasun horri tiraka sortzen dira albiste sentsazionalistak?

Duela milaka urtetatik espazioak eta astronomiak lilura handia sortu dute, eta nahiko eremu erraza izan da praktika horien garapenerako. Hitzaldian aipatuko dudan bezala, askotan horrelako praktika txarrei lotuta egoten da arreta pizteko edo maximalismoan erortzeko joera. Adibidez, gaur egun hori asko gertatzen da fisika kuantikoan –kuantiko hitzak magia kutsua du–, manipulazio genetikoan eta astronomian. Nolabait ere, ez da gauza bera publikoari material berri baten propietateak transmititzea edo txori jakin baten ugaltze aparatuaren modifikazioari buruzko ziri bat sartzea. Ez duzu aise engainatuko. Aitzitik, estralurtarren kontuak, planeta sinestezin batzuk, zulo beltzen mistizismoa eta halakoak erraz bilaka daitezke fake news edo albiste sentsazionalista. Horregatik, gai oso aproposa da Astronomia Astean lantzeko.

Literaturak eta zinemagintzak zenbateraino kutsatu dute zientzia?

Ez nuke esango kutsatzen dutenik. Zientzia fikzioa asko gustatzen zait, baina genero literario edo zinematografiko bezala ulertuta. Aparte, dibulgazio zientifikoa dago. Askotan oso onuragarria da zientzia fikzioa jendearen arreta pizteko eta horiek zientzian interesa jartzeko. Hori oso ondo dago, baina batzuetan zientziako komunikazioko gauza batzuk benetan zientzia fikziozkoak balira bezala jorratzen dituzte. Hori sasi-zientzia da, eta nahaste horretan egon daitezke praktika txarrak. Isaac Asimov idazleak zientzia fikzio ugari eta oso ona egin zuen, eta, halaber, dibulgazio zientifikoa egin zuen. Jendeak haren liburu bat hartzen zuenean jakin bazekien hori. Arazoa sortzen da norbaitek zientzia bezala saltzen duenean ilusioa edo fikzioa dena. Gainera, nahaste hori intentzionatua izaten da.

Zer egin beharko litzateke zientzia zuzen dibulgatzeko?

Prozesua oso konplexua da. Gaur egun, zientzialariak oso berezituta daude; zientzia oso teknikoa da, eta oso lehiakorra. Publikazio sistemak eta unibertsitate barruko promozio sistemak oso lehiakorrak dira; denbora oso gutxi uzten diete zientzialariei beren jakituria komunikatzeko. Existitzen dira bide espezializatu batzuk: aldizkari zientifikoak, baina teknikoak, publikazio zientifikoei dagozkienak –hori publikoarentzat teknikoegia da, ez baita ulertzen–; bestetik, badago beste aldizkari zientifiko mota bat, Elhuyarrek edo EHUk ekoizten duena, zientziari buruzko informazioa sinplifikatzen duena publiko zabalagoarengana iristeko.

Zer gertatzen da, orduan?

Tamalez, berrikuntza zientifiko asko oso konplexuak dira, eta hainbeste ñabarduratan oinarrituta daude, publiko orokorrari zer den helaraztea kasik ezinezko bihurtzen da. Sinplifikazio lan horretan arazoak egon daitezke, eta askotan hor egon daiteke akatsen iturria. Gainera, hedabide askotan bilatzen dena da ahalik eta atentzio gehien ematea, batez ere hedabide digitaletan, klik kopurua kontuan hartzen den horietan. Orduan, sinplifikazio lan horietan egin behar ez diren trikimailu batzuk egiten dira sarri. Komunikazio sistema bat badago, eta ongi funtzionatzen du, baina horren barruan konplexutasun handia dago, eta zientzia gaur egun horren aurreratua da, non benetako garapenak ulermen zaileko xehetasunetan izaten baitira. Hori dibulgatzea ez da batere erraza.

26. ASTRONOMIA ASTEA

Gaur, asteazkena

19:00. Praktika txarrak komunikazioan hitzaldia, Arkamurka natur elkarteko kide Ander Gonzalez de Txabarriren eskutik, Arkamurkako aretoan. Astronomiak pertsonen imajinazioa eta interesa piztu ditu betidanik, eta agente ezberdinek prestutasun hori aprobetxatu dute praktika negatiboak aurrera eramateko. Praktika horiek aztertzeko saioa izango da.

Bihar, osteguna
19:00. ¿Impactos cósmicos? Sí, gracias hitzaldia, Astronomia Ezagutzarako Elkarteko lehendakari ohi Esteban Estebanen eskutik, Arkamurkako aretoan. Beti izaten da ezinegona edo izua asteroide bat lurrera erortzekoa bada, baina talka kosmikoei esker sortu zen giza arraza. Horri buruz ariko da astronomoa.

Apirilak 20, larunbata
21:00. Eguraldia lagun bada, Torreoira igotzeko hitzordua jarri dute bertatik gau behaketa egiteko. Zerua ikuskatu eta konstelazio nabarmenenak kokatuko dituzte, Arkamurkako kideen laguntzarekin. Teleskopioak ere eramango dituzte, eta ilargia, planetaren bat eta beste zertzeladaren bat ikusten saiatuko dira. Igotzeko zailtasunak dituenarentzat auto bat jarriko dute noizbehinka elkarte aurretik.