EH Bildu izan da alderdirik bozkatuena herrian gaurko hauteskundeetan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko api. 21a, 22:00
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen Zarauzko emaitzak. (UKT)

Koalizio abertzaleak mila bototik gorako igoera izan du 2020ko hauteskundeekin alderatuta. EAJk ere igoera txikia izan du, baina ez da aski izan subiranistak garaitzeko. Bi alderdien arteko aldea txikia izan da, halere.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako boto zenbaketa amaituta, EH Bildu izan da alderdirik bozkatuena Zarautzen. Nolanahi ere, estua izan da EAJrekin izandako lehia, bi alderdiak etengabe aritu baitira elkar aurreratzen boto zenbaketak aurrera egin ahala. Azkenerako, ordea, koalizio subiranista nagusitu da, esan bezala, baina 22 botoko aldea atera dio soilik jeltzaleei.

Hala, botoa eman duten Zarauzko bizilagunen %40,94 izan dira EH Bildu basbestu dutenak (4.963 boto lortu ditu guztira) eta %40,76 EAJ (4.941 boto). Gainera, 2020ko emaitzekin alderatuta, igoera esanguratsua izan du EH Bilduk orduan baino 1.173 boto gehiago eskuratuta. EAJ ere gora egin du duela lau urte baino 68 lagun gehiagok bozkatu baitute.

Gainerako alderdiek Zarautzen lortu dituzten emaitzei erreparatuta, PSE-EE izan da hirugarren indarra %8,57ko babesarekin eta mila botoen langa gaindituta –1.039– eta 2020an baino 104 gehiago eskuratuta eta PP izan da laugarrena 504 botorekin duela lau urteko emaitza 154 bototan hobetuta. Lehenengo aldiz aurkeztu den Sumarrek, berriz, 260 boto eskuratu ditu eta 206 Ahal Dugu - Alianza Verdek. Azken alderdi hori Elkarrekin Podemos izenpean aurkeztu zen 2020ko hauteskundeetara eta 595 boto jaso zituen. Voxek, azkenik, 103 boto eskuratu ditu Zarautzen.

Parte hartzeari erreparatuta, azkenik, %66,54koa izan da, aurreko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan baino ia sei puntu handiagoa.