Dena prest dute Jalgi dantza taldeko kideek biharko egun berezirako

Mireia Galarza Bastida 2024ko api. 26a, 10:00
Jalgiren 2017ko Helduen Dantzari Eguna. (Aritz Mutiozabal)

Hirugarrenez, Helduen Dantzari Eguna ospatuko dute bihar herriko kaleetan zehar. Guztira ehun pertsona baino gehiagok parte hartuko dute egun osoko egitarauan.

Beste bi edizioetan bezala urteurren borobilik ospatzeko ez bada ere, hirugarrenez antolatu du Zarauzko Jalgi dantza taldeak Zarauzko Helduen Dantzari Eguna herrian, egun osoko egitarauarekin. Guztira ehun bat pertsonak –musikariak barne– parte hartuko dute ekintzan, eta hitzorduaren atarian, Ane Mendizabal Jalgiko kideak azaldu du asteartean itxi zutela egitarau guztia, nahiz eta beti dauden "azken orduko aldaketa txikiak". Beste bi edizioetako egitarauarekin alderatuta, biharkoa zertxobait desberdina izango da, Mendizabalek azaldu duenez: "Lehen urtean, Jalgiren bosgarren urteurrena baliatuta, beste herri batzutako helduekin ospatu genuen egun hura, orduan ez baitzeuden gaur adina heldu Jalgiren dantza ikastaroetan".

Duela bi urte, berriz, Jalgik hamar urte bete zituenean, ospatu zuten bigarrenez Helduen Dantzari Eguna, bihar egingo duten bezala, taldeko helduekin. Dena den, ordukoa zerbait "informalagoa" izan zela aitortu du Jalgiko kideak, eta biharkoari buruzko xehetasunak eman ditu: "Ibilbide orria zehaztua dugu, eta badakigu geldialdi bakoitzean zenbat dantza egingo ditugun. Helduen zortzi talde ditugu, eta lauko pare bat talde handitan banatu gara, kalez kaleko bi ibilbide egiteko. Bakoitzak hiru geldialdi egingo ditu dantza bana egiteko, eta bi ibilaldien elkargunea Munoa izango da". Jarraian bazkaltzera joango dira, eta arratsaldean "lagunarteko giro lasaiagoan" jardungo dute denek batera dantzan herriko kaleetan zehar pote batzuk hartzen dituzten bitartean.

Biharkoaren gisako ekintzak antolatzeak badu "lan pixka bat atzetik", Mendizabalen aburuz, eta horretarako, hainbat lantaldetan banatzen dira Jalgiko boluntarioak. "Lantaldean lau pertsona gaude, eta gure esku daude udalarekin harremanetan jarri eta materiala lortzea, besteak beste. Hala eta guztiz ere, nahiko ohituta gaude, urtero antolatzen baitugu Dantzari Txikien Eguna irailean. Ameslari onak gara, eta horregatik nahi genuen helduentzako zerbait sortzea".

Azken finean, horixe da Jalgiren zutabeetako bat: boluntarioen lana. Haien eginkizuna da elkartearen antolaketa kudeatzea hainbat esparrutan, dela arlo ekonomikoa, arropa, urteko emanaldiak... Boluntarioez gain, irakasleak daudela ere gehitu du Mendizabalek. 

Parte hartzaileak, gogotsu

Jalgiko kidearen hitzetan, Zarautzen euskal dantzak ikasi eta dantzatu nahi dituzten geroz eta heldu gehiago daude, "Zarautz beti izan delako, Euskal Jaien eraginez, hein handi batean, euskal dantzen plazazalea". Horregatik, heldu horiei plaza bat eskaintzeko asmoz sortu zuen dantza taldeak eguna.

Gehienak gogotsu daudela azaldu du Mendizabalek, nahiz eta batzuk urduritasun puntu batekin ere sumatu dituzten. "Azken finean, tentsio puntu bat edukitzea ere normala da, goizeko ekitaldia pixka bat formalagoa delako eta askok ez dutelako inoiz horrelako ekintza batean parte hartu. Dena den, oso eskertuta daudela ere azaldu digute askok", eman du aditzera Jalgiko kideak.

Biharko egun bereziaz gain, ikasturte amaierara begira lanean ari direla ere gehitu du Mendizabalek. "Momentuz ikasturte honetakoa dugu buruan, eta geroago ikusiko dugu hurrengo urteetan zer etor daitekeen", adierazi du.

Lehentasuna beti izan dira umeak, harrobia sortzeko

Geroz eta heldu gehiagok euskal dantzak ikasten hasi nahi badute ere, Mendizabalek garbi utzi du beraien lehentasuna "beti" izango direla umeak.

Azaldu duenez, ikasturte hasieran dituzten umeekin taldeak egin eta asteko klaseetan banatzen dituzte. "Egutegia eginda tarterik geratzen bada, orduan hasten gara helduen taldeak osatzen", gehitu du Jalgiko kideak. Hainbeste heldu izanda zozketak egitea egokitu zaiela ere nabarmendu du Mendizabalek. Dena den, "eskertuta" daude helduen erantzunarekin, eta aurten zortzi talde sortu dituzte. 

Izan ere, taldearen helburua da umeen artean harrobia sortzea, euskal kultura beraien artean sustatu eta bultzatzeko.