Urko Zumetak Errege Kopa irabazi du Burgosko errugbi taldearekin

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mai. 8a, 11:00

Urko Zumeta, ezkerrean, Iker Aduriz taldekidearekin batera Burgosekin irabazitako errugbiko Errege Kopa eta ikurrina eskuan dituztela. (Zarautz Rugby Taldea)

Jokalari zarauztarra ez zen hasierako hamabostekoan zelairatu, baina garaipenerako ezinbestekoa izan zen entsegua egin zuen neurketako bigarren zatian.

Zarautz Rugby Taldean hasitako Urko Zumeta errugbi jokalari zarauztarrak Errege Kopa irabazi du asteburuan Aparejadores Rugby Burgos (Gaztela eta Leon, Espainia) taldearekin. Zarauztarrak bigarren denboraldia du han, eta, taldearen garaipenerako ezinbestekoa izan zen entsegua egin zuen norgehiagokako 61. minutuan. Finala amaitzeko hogei minutu faltan 13 puntuko aldeagatik galtzen ari zen Burgos eta Zumetak amaitutako jokaldiarekin ekin zion taldeak markagailuko emaitza iraultzeko bideari. Hala, 19-20 irabazi zion, azkenean, finalean aurkari izan zuen Valladolideko (Gaztela eta Leon, Espainia) VRAC taldeari eta lehen aldiz altxatu zuen Kopa 2021ean eta iaz txapeldun orde geratu ondoren.

Hain justu, VRACek irabazi zuen joan den urteko Kopako final hura eta Ligako finalean ere gailendu zitzaion Burgosi. Denboraldi honetan ere, horiek ari dira talde onenak izaten, nahiz eta ligako lehenengo bi faseetan Burgos sailkatu den lehenengo postuan. Orain fase erabakigarrian murgilduta daude eta finalaurrekoetara sailkatu dira bi taldeak. Zumetaren Burgosek Valladolideko beste taldea, El Salvador, garaitu beharko du datorren maiatzaren 19an, etxean, finalera sailkatu nahi badu.