Gonvarriren eskaintza aukeratu dute TS Fundiciones abiarazteko

Eneritz Albizu Lizaso 2015ko mai. 27a, 00:00

5.150.000 euro eskaini ditu adjudikazioa lortu duen enpresak; 4.100.00 euro, berriz, Euskapitals Partners-ek. Sindikatuek eta aldundiak balorazio ona egin dute.

Gonvarri Renewable Industries enpresaren eskaintza onartu du Pedro Malagon epaileak, 5.150.000 eurogatik, TS Fundiciones martxan jartzeko. Euskapital Partners-ek, berriz, 4.100.000 euro eskaini ditu lantegiarengatik. Iragarrita zuten bezala, atzo ireki zituen Pedro Malagon epaileak bi enpresek eginiko proposamenen gutunak, eta unean bertan hartu zuen erabakia. Joan den astean esan zuen eskaintza ekonomiko onena egiten zuen enpresak lortuko zuela Arroako lantegia, bi hautagaiek zituztelako plan bideragarriak eta langile ohiak hartzeko konpromisoa. Gaurtik aurrera hasiko dira langileak eta sindikatuak plangintza zehazteko bilerak egiten. LABeko afiliatuak, adibidez, 10:00etan dira biltzekoak, Zestoako Kultur Etxean. ELAkoek, berriz, bihar egingo dute batzarra. Hala ere, azaldu dute dena fin-fin zehazteko, salmentako izapideak egin behar direla, eta apurka-apurka izango dela prozesua. Langileen kontratazioari dagokionez, lantegiaren beharrak aztertu behar dituzte ikusteko zein diren enpresaren beharrak, zer lanposturekin hasi behar duten eta abar. LABeko eta ELAko ordezkariek, bestalde, nabarmendu dute beraien «lehen eskaera» Zestoako erdiguneko lantegia ere irekitzea izango dela. «Badakigu une hauetan ez gaudela eskaerak egiten hasteko, baina saiatu egingo gara, Zestoako herriarentzat beharrezkoa delako», esan du Asier Lizaso LABeko ordezkariak. 2014ko azaroan sartu zen konkurtsoan TS Fundiciones enpresa, eta 150 langilek galdu zituzten lanpostuak. Likidazio fasean, ordea, 2014ko otsailean sartu zen lantegia, eta orduan jakinarazi zuten itxi egingo zutela. Ordutik makina bat aldarrikapen antolatu dituzte langileek.

ASIER LIZASO

LABeko ordezkaria
«Erakutsi dugu gure enpresa benetan bideragarria dela»
Asier Lizaso TS Fundicioneseko langile ohien LABeko ordezkariak esan du «denentzat ona» den erabakia izan dela epailearena: «Behingoz erakutsi dugu gure enpresa benetan bideragarria dela, benetan balio duela TS Fundicionesek; bestela, nola jar daitezke bost milioi euro?». Gonvarri da LABeko ordezkarien hitzetan aukera onena: «Plan bideragarria zuen, oso ona, eta langile ohiak hartzeko konpromiso osoa hartu zuen». Denentzat dituzte eskerrak TS Fundicioneseko langileek: «Eskerrak herritar guztiei, Urola Kostako jendeari, erakutsi diguten babesarengatik. Babestu egin gaituzte, eta gure ekimen guztietan parte hartu dute». Lizasoren arabera, «gogorra eta luzea» izan da bidea, baina «denek irabazi» dute, eta «fruituak merezi izan du». Oraindik saiatuko dira Zestoako lantegiari irtenbide bat aurkitzen; «ea hori erostea ere posible den», azaldu du. Erakundeen aldetik ere «sekulako bultzada» jaso dutela nabarmendu du. Gipuzkoako Foru Aldundia aipatu du, baita eskualdeko udalak ere: «Zestoakoa, Azpeitikoa, Zumaiakoa eta beste asko, hor egon dira beti laguntzen». Eusko Jaurlaritzaren aldetik, babesik ez dutela sentitu esan du, baina «benetan eskerrak» eman dizkie eskualdeko eta herrialdeko erakundeei.

JUAN DIEZ

ELAko ordezkaria
«Azkue irekitzear da, TS orain; ea Gallardo den hurrengoa»
Langileez gain herria ere poztu egin dela uste du JuanDiez ELAko ordezkariak: «TSko langileok bakarrik ez, Zestoako herri osoa eta Urola bailara ere poztu dira berri honekin». «Langileek eginiko borrokarengatik» bihurtu da egi enpresa martxan jartzea, Diezen arabera. ELAk ere herritarren elkartasuna eta babesa eskertu ditu. Haien arabera, gaurtik aurrera hasiko dira lanean, ahalik eta azkarren lantegia irekitzeko. Bestalde, Zestoako lantegiaren aldeko apustua egiten segituko duela ere gaineratu du: «Pena bakarra daukagu, Arroako lantegia hartuko du, baina Zestoakoarekin zer gertatuko den ikusteko dago. Guk Zestoakoaren aldeko apustua ere egiten dugu, eta egin nahi dugu». Lorpena herritarrekin ospatuko dutela ere esan du: «Pozik gaude lan mundura itzultzeko aukera daukagulako. Gure poz hori Zestoarekin batera ospatu nahi dugu, eta zerbait antolatuko dugu horretarako». «Azkue irekitzear da, orain TS; eta ea Gallardokoa den hurrengoa, hori da gure nahia», esan du Diezek.

JON PELI URIGUEN

Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko diputatua
«Enpresa irekitzeak arnasa emango dio Urola bailarari»
Jon Peli Uriguen Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko diputatuak esan du adjudikazioa aukera ona izan dela «jarduera abian jartzeko eta lanpostuak berreskuratzeko». «TS Fundiciones enpresak etorkizuna zuela esan genuenok bete-betean asmatu genuen», nabarmendu du Uriguenek. «Sansineneako lantegia suspertzeak arnasa emango dio Urola bailarari, bolada latza igarotzen ari baita», azaldu du diputatuak. Haren arabera, horregatik egin dute «TS Fundiciones enpresa berrindustrializatzearen aldeko apustua».

Lan gatazka, labur

2009
Abendua. Langileak aldarrikapenak egiten hasi ziren, eskubideak bermatzeko eskatuz.
2010
Abendua. Jaurlaritzaren Lan Delegazioan 75 langile kaleratzeko espedientea aurkeztu zuen enpresak.
2011
Urtarrila. Soldatak %7 jaitseko prest agertu ziren langileak. Martxoa. Greba mugagabean hasi ziren langileak.
2012
Maiatza. Zestoako lantegia itxi zuten, eta 25 langile kaleratzeko asmoa zuela esan zuten. Abendua. Zuzendaritzak aurkeztu zuen kaleratzeen zerrenda. 49 langile zeuden han. Lau eguneko greba egin zuten langileek.
2013
Urtarrila. Greban hasi ziren langileak. Lanpostuei eusteko ituna proposatu zuten. Hilaren 15ean sinatu zuten akordioa, eta lanera itzuli ziren langileak. Azaroa. Enpresa bideragarria izateko, 50 langile kaleratu eta eta soldataren %25 jaitsi behar zitzaiela esan zuen enpresak. Gutun bidez esan zieten langileei proposamena onartzen ez bazuten, kalera zijoaztela.
2014
Urtarrila. Langileek mobilizazio astea iragarri zuten, eta manifestazioa egin zuten. Otsaila. TS itxiko zutela esan zuten zuzendariek. Beraz, lau orduko itxialdia egin zuten langileek. Martxoa. Epailearen aurrera eraman zituzten lau ordezkari sindikalak. Apirila. Lantegia okupatu zuten, itxialdiarekin. Azaroa. Lehiaketa publikoan jarri zen lantokia.
2015
Urtarrila. Hiru enpresa aurtentu ziren lehiaketara: Euskapital Partners, Gonverri eta Eisengiesserei Torgelow. Administratzaileak gomendatu zuen, Euskapital Partnersen esku uztea lantokia. Langileek 4.000 sinadura aurkeztu zituzten Donostian, beraien eskubideen alde. Maiatza. Epaileak Gonverri enpresaren esku utzi du lantegia, bost milioi eurorengatik.