TS Fundicioneseko 120 bat langile ohi lanean hasiko dira GRI Castings enpresan

Ana Abarisketa 2016ko mar. 17a, 12:36

Langile horiek guztiak, lana sartu ahala, pixkanaka, hasiko dira lanean. Beharginen ordezkariek jakinarazi dutenez, berria "oso pozgarria" da, eta "langileek kolektibo moduan" funtzionatu dutelako lortu dute akordioa.

TS Fundiciones enpresako langile ohiak Zestoako Kultur Etxean. (Ana Abarisketa) Lana sartu ahala, pixkanaka, hasiko dira beharrean TS Fundicioneseko langile ohiak GRI Castings enpresan. Izen hori hartuko du lehen TS Fundiciones lantegia zenak. TS Fundiciones lantegiak 150 langile zituen arren, 110-120 lagun inguruk osatuko dute GRI Castings enpresa; izan ere, 120 bat langilek hartu dute parte enpresarekin egindako lan elkarrizketetan. Gaur egun, 23-25 langile ari dira lanean GRI Castingsen, piezak egiteko erabiliko den saldaren probak egiten. Saio horiek martxoko lehenengo asteburuan egin zituzten, emaitza onak lortuz. Aurrerantzean, "progresiboki" hartuko dituzte langileak, lan kargaren arabera. Langileen ordezkariek jakinarazi dutenez, berria "oso pozgarria" da, eta langileek "talde bezala" funtzionatu dutelako lortu da akordioa: "Langileok kolektibo gisa funtzionatu izana urrea balio du". Automozioko fundiziora bideratu nahi du jarduna enpresa berriak, eta aurrera begira eolikoen sektorean sartzea ere aurreikusten dute. TS Fundiciones enpresako ELA eta LAB sindikatuek deituta, 65 bat langile ohik bilera egin dute gaur, osteguna, Zestoako Kultur Etxean. Egoitz Barrena LABeko ordezkariak hitz egin du guzti horien izenean agerraldian. Joan zen maiatzean onartu zuen Pedro Malagon epaileak Gonvarri Renewable Industries enpresaren eskaintza, 5.150.000 eurogatik, TS Fundiciones martxan jartzeko: "Adjudikazio horrek erakutsi zuen guk behin eta berriz aldarrikatu genuena; enpresa bideragarria zela eta izango zela, baldin eta borondatea bazegoen. Denborak eta lanak erakutsi digute proiektu egonkor bat posible dela, eta arrazoia eman digute".

Lan baldintzak, jomugan

Jabe berriekin bilera "asko"  egin dituzte langileek. Bilkura horietan mahai gainean jarritako puntu garrantzitsu bat izan da, hain justu, etorkizuneko lan baldintzak adostea. Gutxienez, Gipuzkoako Metalgintzako Hitzarmena oinarri hartzen duen lan hitzarmena eskatzen dute langileek, halere, ez dute akordiorik itxi momentuz. Aitortu dute "nahi baino gehiago" ari dela luzatzen negoziazioa: "Borondatea badago, ez du inolako eragozpenik egon behar akordioa lortzeko". Hala, langileen eta enpresa zuzendaritzaren arteko adostasun "duin bat" eskatu dute.

Ia hiru urte itxi zutenetik

2014ko azaroan sartu zen konkurtsoan TS Fundiciones enpresa, eta 150 langilek galdu zituzten lanpostuak. Likidazio fasean, ordea, 2014ko otsailean sartu zen lantegia, eta orduan jakinarazi zuten itxi egingo zutela. Ordutik makina bat protesta antolatu dituzte langileek: "Denbora guzti honetan bide luzea izan dugu. Ate joka ibili gara, hara eta hona, ahal izan dugun leku guztietan, baita instituzioetan ere, lege zapaltzaileen artetik onik irten nahian". TS Fundicioneseko langile ohiek agerraldia aprobetxatu dute eskerrak emateko Zestoan eta eskualdean bidelagun izan dituzten eragile eta norbanako guztiei.