Iñaki Azkune: "Milaka ordu eskaini dizkiot lan honi erretiratu nintzenetik"

Mailo Oiarzabal 2020ko urr. 30a, 10:07

Zestoarrek beren herriaren historian sakontzen jarraitzeko aukera berria dute dagoeneko. XVI. mendeko agiriekin osatu du Azkunek ‘Zestoaren historia (2)’.

Urteetako ikerketa eta agiri bilketa lan mardularen bigarren fruitua plazaratu berri du Iñaki Azkunek (Zestoa, 1945). 2016ko Zestoaren historia azterlanean Historiaurretik 1544ra bitarteko agiriak-eta jaso zituen, eta Zestoaren historia (2) etorri da orain. Aurreko lanarekin egin bezala, hamar liburuen ale bakan batzuk paperean argitaratu dituzte, baina gehienak CD formatuan jarri dituzte salgai, Zestoan bertan.

Historiaurretik 1544ra arteko herriko historia aurrena, eta orain 1545etik 1556rakoa. Badago aldea bi ataletan barne hartu dituzun denbora tarteen artean.

Horrek badu bere arrazoia. Gure garaitik zenbat eta urrunago ibili, historiaurrean eta ondorengo lehen mende horietan, eskribauek oso agiri gutxi utzi dute. Horregatik, urte eta mende asko hartzen dira, baina berriak edo notiziak gutxi izaten dira. Gure garaira hurbiltzen garen heinean, berriz, gero eta ugariagoak dira eskribauek-eta egindako agiriak, eskuizkribu gehiago dago. Eta horixe da gertatu zaidana: lehen, mendeak eta mendeak hartuta bete nituen hamar liburu; orain, hamabi urterekin bete ditut beste hamar.

Epe zehatz hori aukeratu izanak ez du, beraz, beste arrazoirik?

Ez, neurri kontua izan da. Hamar liburu sartu nahi nituen CDan, lehenengoak ere hala dituelako. Liburu bakoitzak 800 bat orrialde izango ditu. Beraz, guztira zortzi mila bat orrialdeko lana da.

Aurreko azterlana egiteko egin zenuen bilketa lana baliatu duzu, hari jarraipena emateko.

Erretiroa hartu ondoren, urte eta erdiz ibili nintzen hango eta hemengo artxibategietan Zestoarekin loturaren bat zuten agiriak topatzen eta jasotzen. Zestoako eta inguruetako herrietako agiritegietan ez ezik, Valladolideko Kantzelaritzan, Simancasen eta Sevillako Indietako Kontratazio Etxeko agiritegietan ere ibili nintzen. 1545etik 1556ra ibli ziren zestoarrak Ameriketan, merkataritzan batik bat; batzuk, gainera, merkatari garrantzitsuak izan ziren, eta haien gorabeherak eta auziak jaso nituen Sevillan. Bidaia horietan lagun izan nuen Juan Mari Aranberri, hark lagundu zidan argazkiekin eta.

Bilketa lana aurrez eginda, errazagoa izan al da bigarren atal hau gauzatzea?

Hamar urte behar izan nituen lehen atala bukatzeko, eta hiru eman ditut bigarren hau osatzen. Aurrez egindako lanak erraztu dit atal berria egitea, baina, hala ere, urte horiei zegozkien agirien artean aukeraketa egin behar izan dut, Zestoari zegozkionak hartuz eta zuzenean Zestoarekin zerikusirik ez zutenak alde batera utziz, adibidez. Agiri guztiak sailkatu behar izan ditut, bestalde. Eta ondoren etorri zen lanik zailena: agiriak transkribatzea. Izan ere, garai horietako idazkunak deszifratu egin behar dira, eta ez da lan erraza izaten. Zestoako historia (2)-ren azalean agiri horietako baten irudia dator; hari begiratu eta zer esaten duen asmatzea... ez pentsa erraza denik. Orduko letra mota dago, batetik, eta eskribau bakoitzaren idazkera, bestetik. Ikasketa arlo oso bat dago Historiaren barruan, Paleografia izenekoa, antzinako testuak deszifratzen ikasteko balio duena, hain zuzen.

Agiriak, argazkiak... Nola banatu duzu edukia hamar liburuetan?

Agiri guztiak urteka sailkatu ditut eta liburu bakoitza urte bati dagokiola esan daiteke, gutxi gorabehera. Hala ere, 1549ari dagozkion albiste eta agiri gutxi dago. Izan ere, urte horretan erre egin zen herria, hiribildua, eliza barne, eta agiriak ere erre egingo ziren, seguru asko. Elizatik jauna juxtu-juxtuan atera omen zuten, erre zenean. Hurrengo urtean, 1550ean, ikusten da agirietan tratu asko egin zituztela hargin, zurgin eta bestelako maisuekin, aurreko urteko sutean erretako etxeak berreraikitzeko.

Portale bat badago orain ere Zestoan, Agustinen tabernaren ondoan, eta hortik pixka bat atzerago dago Arretxe etxea; izenak dioen moduan, harriz egina zegoen etxe hori, eta suteak ez zuen erre. Hiribilduko harresiaz kanpo zegoen Arretxe. Hura ez bezala, ordea, harresiaz kanpoko gainontzeko etxeak ez ziren harrizkoak. Harresi barruko etxeetarako bazuten ordenantza berezi bat; gauez, etxe guztietan pertzak urez beteta eduki behar zituztela zioen ordenantza horrek, sua pizten bazen ura eskura edukitzeko. Horrelako kontu asko daude jasota liburuetan.

Herria kiskali zuen suteari eskainitakoa al da zuretzat atal honetako edukirik bereziena?

Bai, herria eta eliza erre zirenekoak dira niretzat aipagarrienak.

Zestoan jarri dituzu salgai Zestoaren historia (2) lanaren CDak. Beste zabalkunderik izango al du?

Zestoako Potxolo dendan eros daiteke, eta Ekainberrin ere jarriko dute salgai. Jendeak oso gustura hartu zuen herrian duela lau urteko argitalpena, espero dut bigarren hau ere gustura hartzea.

2016an Zestoaren historia udalatxean aurkezteko aukera izan zenuen. Bigarren lan hau antzera aurkezteko asmorik ba al dago?

Aurkezteko asmoa bai, badago, baina birus honek sortu duen egoerarekin eta ekarri dituen murrizketekin eta debekuekin, atzeratzea egokiagoa izango dela pentsatu dugu. Ikusiko dugu hemendik hilabete batzuetara aurkezpena egiteko moduan al gauden, egitea komeni den edo birusik ez dagoen.

Duela lau urte, lehen azterlana argitara emanda, atseden tarte bat hartu eta lanari berrekiteko asmoa azaldu zenuen. Eta orain? Zer asmo duzu? Izango al du hirugarren atalik zure lanak?

Urteetan aurrera goaz, eta orain pixka bat lasaitu eta oporrak hartu nahi ditut. Milaka eta milaka ordu eskaini dizkiot lan honi erretiratu nintzenetik. Orain arte agoantatu dut, baina indarrak ahuldu egiten dira denborarekin. 1600. urtera arteko agiriak dauzkat jasota. Bigarren atal honetan, hamar liburutan hamabi urte sartu dira. Kontuan hartu, urteetan aurrera joan ahala agiriak ere gehiago izango direla, eta agian, sei edo zortzi urterekin beste CD bat bete liteke; eta horrela jarraituta, azkenean agian urte bakarrarekin bete daiteke CDa. Materiala hor dago eta hitz egingo genuke. Hitz egiteko irekita dut nik bidea.