Gaztetxearen lekualdaketa negoziatzeko, hiruko mahaia eratzeko proposamena egin du Zestoako Gazte Asanbladak

Julene Frantzesena 2021ko ira. 18a, 13:56

Gaztetxea lekuz aldatzeko beharra dutela azpimarratu dute Gazte Asanbladako kideek, hainbat arrazoi argudiatuta, eta azpiegitura zinema zaharrera eta elizako zentrora aldatzea proposatu dute. Herriko hainbat eragilek ere bat egin dute asanbladaren eskaerarekin. Dagoeneko hasi dituzte elkarrizketak udalarekin zein Elizarekin, eta horiei negoziaziorako hiruko mahaia eratzea galdegin die Gazte Asanbladak.

Zestoako Gazte Asanbladak Gaztetxearen lekualdaketa proiektua aurkeztu eta aldaketa hori gauzatzeko negoziaziorako hiruko mahaia eratzeko proposamena egin du gaur, zapatua, plazan eskaini duen agerraldian. Asanbladako kideek herriko hainbat eragileren eta norbanakoren babesarekin eman dituzte azalpenak; izan ere, asanbladaren proposamenarekin bat egin dute herriko dantzariek, Abantzu pilota elkarteak, Agiro mendi taldeak, Erralla bertso eskolak, Zestoako Sarek, GKSk, Bargaztak talde feministak, Itaiak, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak, Zestoako pentsiodunek, jubilatuen elkarteak, Fundizo elkarteak, Zestoako Futbol Taldeak eta  Zestoako Txirrindulari Taldeak nahiz musika bandak.

Jardunarekin jarraitzeko Gaztetxea lekuz aldatzeko beharra duela azaldu du Gazte Asanbladak, eta bide horretan lanean hasi da jada. Izan ere, dagoeneko egin dituzte horretarako lehen urratsak. Zehazki, zine zaharra eta elizako zentroa kokatuta dauden eremura lekualdatu nahi dute Gaztetxea, eta dagoeneko hasi dituzte elkarrizketak udalarekin nahiz Elizarekin. Dena den, hiruko negoziazio mahaia jarri nahi dute martxan, "fase berri baten hasiera" izango den proiektua garatzeko.

Gazte Asanbladak jakinarazi duenez, azaleratzen ari dira gaur egun Gaztetxea kokatuta dagoen azpiegituraren mugak. Besteak beste, segurtasun mugak betetzeko zailtasunak dituztela, Gaztetxea bigarren solairuan kokatuta egotean dituen mugak, eraikina Kultur Etxeko gainerako eragileekin partekatu beharra edo espazio berean jarduera bat baino gehiago aldi berean egiteko dituzten zailtasunak aipatu dituzte.

Gaztetxea zinema zaharraren eraikinera lekualadatuz gero, gaur egungo azpiegiturak sortutako mugak gaindituko lituzketela azaldu dute Gazte Asanbladako ordezkariek. Izan ere, haien arabera, beren jarduna garatu ahal izateko "izugarrizko potentziala" du elizaren ondoko eraikinak. Eraikina Kultur Etxeko gainerako eragileekin partekatu beharrik ez izatea, zine zaharrak Zestoak behar duen kultur eskaintza eta eskaintza artistikoa ahalbidetzeko areto bilakatzeko aukera, espazioaren azalera, zentroa eta aretoa banatuta egoteak Gaztetxea erabiltzen duten eragileen jarduna garatzeko eskaintzen dituen aukerak, herriaren bihotzean egoteak dituen abantailak nahiz asanbladaren hastapenetako tokira itzultzea jarri dituzte abantailetako batzuen adibide moduan.

Asanblada "indartuta"

Bestalde, Zestoako Gazte Asanbladak azken urteetan izan duen bilakaera izan dute hizpide agerraldian. Agerraldian hitza hartu duten bi lagunek azaldu dutenez asanblada "berregituratu" eta Gaztetxeari "bizi berri bat" emateko konpromisoa hartua dute. Horiek azaldu dutenez, asanblada herriko gazteak "instituzio burgesetatik at antolatzeko" eta beren arazoei aurre egiteko "tresna eraginkor" bilkatzea dute xede. "Sortu nahi duten gazteria pasota eta indibidualistaren aurrean, Zestoan gazteria antolatu eta konprometitu bat izan nahi dugu".

Horretarako, hainbat ekimen antolatu dituztela gogorarazi dute, eta azken urtebeteko "egoera zailak" beren jarduna "izugarri oztopatu" badu ere, geldirik ez direla egon eta asanbladak hazten jarraitu duela esan dute. "Esan dezakegu gure buruari jarri genion helburua betetzen ari garela, eta bide horretan, Gazte Asanblada herriko eragile sozial, kultural eta politiko garrantzitsuenetariko bat izatera iritsi dela; bospasei pertsonako asanblada izatetik hogei lagunetik gorako asanblada izatera".