Jubilatuen Astea egingo dute datorren astelehenetik igandera Zestoan

Anartz Izagirre 2022ko aza. 25a, 16:47
2018ko Zestoako Jubilatuen Eguneko irudi bat. (Maialen Etxaniz)

Bingo saioarekin hasiko da Zestoako Jubilatuen Astea datorren astelehenean, hilak 28, eta abenduaren 4ra bitartean hainbat ekintza izango dira herritarren gozamenerako. Gurutze jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak antolatu du astea.

Bueltan da berriro Zestoako Jubilatuen Astea. Ohi bezala, askotariko ekintzaz betetako astea antolatu du Gurutze jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak, eta datorren astelehenean hasi eta abenduaren 4ra bitartean erruz gozatzeko aukera izango dute zestoarrek.

Bingo saioak irekiko du egitaraua astelehenean, 16:00etatik aurrera, eta besteak beste seiko urre txapelketa, mus txapelketa eta ibilbide osasuntsua izango dira hurrengo egunetan. Igandean itxiko dute egitaraua, urtean zehar hil diren elkarteko bazkideen aldeko mezarekin eta bazkariarekin.

Hona hemen Zestoako Jubilatuen Asteko egitaraua, osorik: 

  • Azaroak 28, astelehena. Bingo saioa sari bereziekin, 16:00etan, jubilatuen tabernan.
  • Azaroak 29, asteartea. Seiko urre txapelketa, 16:00etan, jubilatuen tabernan.
  • Abenduak 1, osteguna. Mus txapelketa, 16:00etan, jubilatuen tabernan.
  • Abenduak 2, ostirala. Tortilla pintxoak eta gaztaina erreak, 18:00etan, jubilatuen tabernan.
  • Abenduak 3, larunbata. Ibilbide osasuntsua egingo dute 10:00etan hasita. Ondoren, pintxo dastaketa egingo dute jubilatuen tabernan.
  • Abenduak 4, igandea. Urtean zehar hil diren elkarteko bazkideen aldeko meza. Ondoren, bazkaria egingo dute Zumaiako Marina Berri jatetxean. Nahi duenarentzat autobus zerbitzua izango da.