Formakuntzarako "kalitatezko espazioak lortzeko" borroka abiatu dute Zestoan

Maialen Etxaniz 2022ko abe. 6a, 15:34

Zestoako GKSko gazteen aburuz, "herriko liburutegiak ez ditu inondik inora jendearen beharrak asetzen". Hori dela eta, "ikasteko espazio duinak" aldarrikatu dituzte. "Arazoari irtenbide bat bilatzeko asmoz", batzar irekia deitu dute abenduaren 11rako. Alonderoko aretoan elkartuko dira 17:00etan. 

Zestoako liburutegiak ikasteko baldintza duinak bermatzen ez dituela uste dute Gazte Koordinadora Sozialistako (GKS) Zestoako kideek, eta "arazoari aterabidea emateko" borroka prozesua abiatu dute. Hain zuzen, "formakuntzarako kalitatezko espazioak" aldarrikatu dituzte.

GKSko kideek adierazi dutenez, herriko liburutegiak ez ditu "inondik inora" jendearen beharrak asetzen. Ordutegi eta egutegi aldetik, zerbitzua "oso mugatua" dela adierazi dute: "Astelehenetik ostiralera sei orduz egoten da irekita; asteburuetan itxita egoten da; uztailean goizez soilik irekitzen dute eta abuztua itxita egoten da". Era berean, liburutegiaren egiturak hainbat traba jartzen dituela adierazi dute: "Liburutegiko barruko espazioak ez daude ondo antolatuta; horrek esan nahi du liburuak hartzera doazenek eta ikasten edo lanean ari direnek espazioak elkarbanatzen dituztela uneoro. Ume txikientzako txokoa fisikoki beirate batekin bananduta dagoen arren, ikaragarrizko iskanbila sortzen da liburutegi guztian zehar". 

Zestoako GKSko gazteek adierazi dutenez, liburutegia "ezinbesteko lekua" da jende askorentzat: "Gaur egun, azterketak gainditzeko, lanpostu bat bilatzeko, sormen edo garapen intelektualerako edota oposaketak prestatzeko ezinbestekoak dira ikasketa guneak; izan ere, bizitzeko oinarrizko bitartekoak garestitzen doazen garaiotan, zenbait etxetan are zailagoa da ikasteko baldintza egokiak edukitzea. Horren aurrean, jende askok jotzen du herriko liburutegira". 

Hori dela eta, "arazoari irtenbide bat emateko asmoz", batzar irekia deitu dute abenduaren 11rako. Alonderoko aretoan elkartuko dira 17:00etan, eta bertan aztertuko dituzte balizko proiektu edo proposamen berriak.