Herritarrek hautatutako lau proiektu txertatuko ditu Zestoako Udalak 2023ko aurrekontuan

Mailo Oiarzabal 2022ko abe. 16a, 14:23

Siadecoko Juanjo Allurrek azaldu zituen parte hartze prozesuaren emaitzak atzoko batzarrean. (Mailo Oiarzabal)

Uztapide plazako haur parkea berritzea, Arroaerrekan aparkalekutik autobus geltokira arteko irisgarritasuna hobetzea, Ibañarrietako herri argiteria hobetzea eta Aizarnako plazako galtzada harriak eta espaloia berritzea dira erakundeak martxan jarritako parte hartze prozesuan boto gehien jaso dituzten proposamenak.

"Zertan inbertituko zenituzke 2023ko udal aurrekontuko 75.000 euro?". Galdera hori eginez, 2019an hasi eta pandemiak bi urtez etendako egitasmoa berreskuratu du aurten Zestoako Udalak: udal aurrekontuak osatzeko prozesu parte hartzailea martxan jartzea, eta horrekin, datorren urteko aurrekontuaren inbertsioen atala osatuko duten proiektu batzuk herritarrek zuzenean aukeratutakoak izatea.

Urriaren 26an egin zuten lehen batzarra; herritarrei prozesuaren xehetasunak azaldu zizkieten han, eta proposamenak egiteko epea ireki zuten. Abenduaren 1ean, herritarren ekarpenak aztertzeko eta bozketa fasera igaroko ziren proiektuak zehazteko bilera egin zuten. Hamabi proiektu hauen artean hautatzeko aukera izan dute ondoren hamabost egunez zestoar guztiek:

Atzo, prozesua ixteko, bozketaren emaitzak aurkeztu eta udalak 2023ko aurrekontuan sartuko dituen proiektuak jakinarazteko hirugarren eta azken batzarra egin zuten udaletxeko areto nagusian. Lau izango dira proiektuak: Uztapide plazako haur parkea berritzea (22.345 euro), Arroaerrekan aparkalekutik autobus geltokira arteko irisgarritasuna hobetzea (24.962), Ibañarrietako herri argiteria hobetzea (4.210), eta Aizarnako plazako galtzada harriak eta espaloia berritzea (23.342).

Hainbat xehetasun

Proposamenak aurkezterakoan zein aukeratzerakoan, herrigunearen eta auzoen arteko oreka bilatzea izan da aurtengo prozesu parte hartzailearen helburuetako bat, eta oreka hori hautatuko proiektuetan islatu dela-eta gustura azaldu dira udal arduradunak. "Zestoaren idiosinkrasia geografikoa kontuan hartuta, lurraldeen arteko oreka mantentzea lortu da, auzo txikietako proiektuak aurrera ateraz", dio Zestoako Udalak aukeratutako lau proiektuen berri emanez zabaldu duen mezuan.

Herritarren parte hartzea ere nabarmendu eta eskertu dute. Hala ere, 2019koarekiko parte hartze "kuantitatiboa" hazi arren –orduan proposamenak ez ezik, bozketa ere presentziala izan zen–, prozesua "aberasgarri" egiten duena parte hartze "kualitatiboa" dela azpimarratu zuten teknikariek zein Mikel Arregi alkateak atzoko batzarrean, eta hori areagotzeko balizko formulak ere aipatu zituzten, parte hartzea sakeleko telefonotik botoa ematera muga ez dadin.

Aurten, izan ere, botoak online emateko aukera izan dute herritarrek; horrek nabarmen areagotu du parte hartzaileen kopurua, baita herrigunetik aparte dauden auzoetako biztanleen parte hartzea ere, bereziki proposatutako proiekturen bat edo gehiago tartean zuten auzoetakoenak. Botoa emateko irizpideak jarraituta, herritar bakoitzak bi proiektu aukeratu behar izan ditu, auzo edo gune desberdinetakoak biak, derrigorrez, aipatutako oreka bermatze aldera. Guztira, 275 fitxa jaso ditu udalak, baina hamalau baliogabeak izan dira –bozketako irizpideren bat edo gehiago betetzen ez zituztelako–; beraz, 261 herritarren botoek erabaki dute udal aurrekontuaren 75.000 euroak zer proiekturen artean banatuko diren.

Parte hartze prozesuaren datuak eta emaitzak azaltzerakoan, besteak beste, generoaren eta adinaren araberako datu interesgarriak ere jaso dituzte. Esaterako, proposamenak aurkeztu dituzten lautik hiru emakumeak izan dira –29 emakume, sei gizon–; botoa eman duten gehienak ere emakumeak izan dira –%58, ia–, baina fase horretan ez da hain nabarmena izan generoen arteko tartea. 31 eta 50 urte arteko herritarrek aurkeztutakoak izan dira proposamen ia denak –35etik 30–, eta bozkatu dutenen artean ere adin tarte horretakoak izan dira gehienak, baina nabarmentzekoa da 60 urtetik gorakoen boto emaile kopurua ere (%18). Aldiz, gazteenak izan dira prozesuan gutxien parte hartu dutenak, 51 eta 60 urte artekoekin batera: proposamenik ez dute aurkeztu 16 eta 20 urte artekoek, ezta 51 eta 60 urte artekoek ere, eta hiru proposamen besterik ez 21 eta 30 urte artekoek. Bozketan, Zestoan erroldatutako 16 eta 20 urte artekoen %1,5ek, 21 eta 30 urte artekoen %8,4k eta 51 eta 60 artekoen %6,5ek hartu dute parte.

Ondoko estekan ikus daitezke atzoko aurkezpenean eman zituzten datu eta emaitza guztiak.

Foru Aldundiaren baimena behar

Hautatutako lau proiektuen artean, Arroaerrekako irisgarritasun lanenak kezka eragin du udalean, ez kopuruagatik edo egingarritasunagatik, baina bai eskumen arazoengatik.

Proiektu horrek errepide sarea ukituko luke, eta hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumena dela ekarri zuten gogora atzoko bilkuran. Beraz, udalaren nahien edo asmoen gainetik, aldundiaren baimenak eta oniritzia beharko dituzte Arroaerrekako obra egin ahal izateko.