Egitarau oparoarekin itzuliko da hilaren 26an Zoroperi eguna

Anartz Izagirre 2022ko abe. 20a, 10:30
2019ko Zoroperi eguneko irudi bat, plazan. (Anartz Izagirre)

Hiru urteren ostean, Zoroperi eguna itzuliko da abenduaren 26an Zestoara, eta ohi bezala urteroko egitaraua antolatu dute egun horretarako. Ekitaldi horien artean, barazki eta fruta lehiaketa, ezti lehiaketa nahiz sagardo lehiaketa izango dira, eta beste hainbat kultur eta kirol ekitaldiz gozatzeko aukera ere izango da. Kalera baserritarrez jantzita ateratzeko deia egin du Zestoako Udalak.

2019ko abenduaren 26an ospatu zen azkenengo aldiz Zoroperi eguna Zestoan, eta hiru urteko etenaldiaren ostean, egitarau oparoarekin itzuliko da jaia hara. Ohi bezala, bazkalordura bitartean lehiaketak izango dira zoroperietako protagonista. Alde batetik, Urolako Ezti Lehiaketaren XXIII. edizioa egingo dute, baita Barazki eta Fruta Lehiaketaren XXXI. edizioa ere. Horrez gain, Zestoako Sagardo Lehiaketaren XXII. edizioa antolatu dute, eta bitarte horretan herriko artisauen nahiz kanpokoen salmenta postuak ere jarriko dituzte.

Eguerdi aldera jan-edanerako abagunea izango dute Zestoara hurreratzen direnek, plazan sagardo dastatzea izango baita. Zestoako Gaztetxeak antolatuta trikipoteoa eta baba-jana ere izango dira. Arratsaldean ere izango da zertaz gozatua, gauerdira bitartean. 17:15etik aurrera kirol jaialdia izango da Abantzu Pilota Klubak antolatuta; batetik, pilota jaialdiaren finalaurrekoa eta finala jokatuko dituzte, eta bestetik, Paulo Azpiazu, Karmele Gisasola Zelai III.a, Mikel Lopetegi Urra eta Lierni Osa harri-jasotzaileek herri kirol erakustaldia eskainiko dute. Haurrentzako eta gaztetxoentzako ere izango da gozamenerako aukera, Potxin eta Patxin pailazoek Baserria ikuskizuna eskainiko baitute Kultur Etxean, 18:00etatik aurrera. Iluntzean, berriz, musikak itxiko du aurtengo Zoroperi eguna, Obaneuke taldearen kontzertua izango baita.

Zoroperi eguna behar bezala ospatzeko, Zestoako Udalak baserritarrez jantzita ateratzeko deia egin die herritar guztiei.

Hona hemen Zoroperi eguneko egitaraua, osorik:

Abenduaren 26a, astelehena

  • 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
  • XXXI. Barazki eta Fruta Lehiaketa.
  • Urolako XXIII. Ezti Lehiaketa eta erlezaintzari buruzko beste ekitaldi batzuk:
    • Erlea, erlezaintza eta erlauntza produktuen erakusketa didaktikoa. Azalpenak 12:30etik aurrera.
    • Erlauntzako produktuen dastaketa.
    • Haurrentzako tailerrak.
  • XXII. Zestoako Sagardo Lehiaketa.
  • Herriko eta kanpoko artisauak eta horien salmenta postuak.
  • 11:00. Trikitilariak, kalejiran.
  • 12:00. Trikitilarien emanaldia, plazan. Idiakaitz txistulari taldearen kalejira.
  • 12:45. XXXI. Barazki eta Fruta Lehiaketaren, XXIII. Ezti Lehiaketaren eta XXII. Zestoako Sagardo Lehiaketaren sari banaketak.
  • Bertso trikipoteoa, Jexux Mari Irazurekin eta Oihana Iguaranekin, Erniarraitz taldeak antolatuta.
  • Ondoren, sagardo dastaketa plazan.
  • 14:00. Baba-jana, Gaztetxean.
  • 17:15. Kiroldegira kalejira, txarangarekin.
  • Ondoren, kirol jaialdia Abantzu Pilota Klubak antolatuta.
    • Pilota jaialdiaren finalaurrekoa.
    • Harri-jasotzaileak: Paulo Azpiazu, Karmele Gisasola Zelai III.a, Mikel Lopetegi Urra eta Lierni Osa.
    • Pilota jaialdiaren finala.
  • 18:00. Baserria haurrentzako ikuskizuna, Potxin eta Patxin pailazoen eskutik. Kultur Etxean.
  • 19:30. Obaneuke erromeri taldearen emanaldia udaletxeko arkupeetan, afalordura arte.
  • 22:00. Obaneuke erromeri taldearen emanaldia.