Paulo Azpiazuk irabazi du Errota Harria Harrijasotze Txapelketa

Julene Frantzesena 2023ko urt. 23a, 09:02

Herri kirol saioa izan zen atzo Iraetan, Santa Ines jaien barruan. Banakako Aizkolari Txapelketako bosgarren jardunaldian Hodei Ezpeleta eta Jokin Urretabizkaia Basozabal nagusitu ziren. Errota Harria Harrijasotze Txapelketan Azpiazu nagusitu zen, bolarekin 31 jasoaldi eginda. Bi emakumek harrijasotze erakustaldia eskaini zuten, gainera.

Herri kirol erakustaldiarekin bukatu ziren Iraetako Santa Ines jaietako lehen asteburuko ekintzak atzo, igandea. Dozenaka lagun izan ziren Iraetako frontoian, txapelketetako saioez eta erakustaldiaz gozatzen. Gainera, ohitura den gisan, Errota Harria Harrijasotze Txapelketa ere izan zen.

Banakako Aizkolari Txapelketako bosgarren kanporaketa jokatu zuten aurrena. Aizkoran aritu ziren Hodei Ezpeleta eta Jokin Urretabizkaia Basozabal nahiz Joxean Etxeberria eta Luis Txapartegi. Horiek sei izakeratako hogei enbor ebaki zituzten atzokoan. Ezpeletak eta Basozabalek 16 minutu eta 12 segundo behar izan zituzten lanak bukatzeko, eta 17 minutu eta 45 segundo, berriz, Etxeberriak eta Txapartegik.

Ondoren hasi zen Errota Harria txapelketa. Bost harri jasotzailek –Mikel Lopetegi Urrak, Gari Garmendia Garmendia II.ak, Paulo Azpiazuk, Xabat Olaizolak eta Xabier Aranburu Guztak– parte hartu zuten, eta Azpiazu nagusitu zen. Hain zuzen ere, 107,2 kiloko bola 31 aldiz jaso zuen hark hiru minutuko txandan. Haren atzetik sailkatu ziren Urra (29 altxaldi), Garmendia II.a (25 altxaldi), Guzta (20 altxaldi) eta Olaizola (16 altxaldi).

Gizonen saioa eta gero, erakustaldia eskaini zuten bi emakumek. Hain zuzen ere, Olaia Esnaola eta Maddi Gesalaga aritu ziren harria jasotzen.

Datorren asteburuan jarraituko dute festek. Besteak beste, mus txapelketa, pintxo lehiaketa, puzgarriak, trena eta txokolatada izango dira.

(Argazkiak: Ibon Errazu)