Osinbeltz "biziberritzeko" proiektuaren berri eman dio Zestoako EAJk Energiaren Euskal Erakundeari

Ane Olaizola 2023ko urt. 27a, 12:07
Garikoitz Mendizabal, IƱigo Ansola eta Josetxo Mendizabal Zestoako Uri Buru Batzarreko presidentea, gaur, Osinbeltzen. (Zestoako EAJ)

Osinbeltz harrobia "energia berriztagarriz" hornitu nahi du Zestoako EAJk, eta aisialdirako, kirola egiteko eta kultur emankizunetarako beste espazio bat ere egin nahi du. Proiektuaren harira, Garikoitz Mendizabal Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiarekin elkartu da gaur, eta erakundeak egitasmoaren azterketa teknikoa eta ekonomikoa egiteko konpromisoa hartu du.

Datozen udal hauteskundeetarako Zestoako EAJren hautagai Garikoitz Mendizabal Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusiarekin elkartu da gaur, alderdiak Osinbeltzeko harrobia "biziberritzeko" duen proposamena azaltzeko. Izan ere, EAJk energiari eta aisialdiri lotutako proiektu bat garatzeko asmoa du eremu horretan, eta Mendizabalek horren berri eman dio Ansolari tokian bertan.

Jeltzaleek adierazi dutenez, Osinbeltzen egin nahi duten egitasmoak bi ardatz ditu: batetik, herria "energia berriztagarriz" hornitzeko baliatu nahi du gunea; eta bestetik, aisialdirako, kirola egiteko eta kultur emankizunetarako "espazio berde bat" atondu nahi du.

Hain zuzen, Mendizabalen hitzetan, harrobiko horma mailakatuek aukera eskaintzen dute eguzki plakak jartzeko: "Zestoarentzat energia garbia sortuko lukeen instalazio bat ahalbidetzeko aukera ematen dute hormek, aspaldian abandonatuta dagoen espazioa herritarren ongizatearen zerbitzura erabiliz. Aukera ederra izan dezakegu energiaren trantsizioan aurre egiteko, eta Zestoatik ekarpena egiteko klima babesteko ahaleginei". Hautagai jeltzalearen iritziz, guneak "ezaugarri egokiak" izan ditzake eguzki plaketan oinarritutako energia komunitate bat sortzeko. "Proiektu aitzindaria izango litzateke Euskadin eta estatu mailan", azpimarratu du hark.

Zestoako EAJ "ilusioz betetzen" duen egitasmoa da alderdiak esku artean duena, eta horretarako "lehen urratsak" egiten hasi direla azaldu dute jeltzaleek. Horren harira batzartu da gaur Mendizabal EEEko zuzendari nagusiarekin, eta Zestoako alkategaiak hari galdegin dio proiektu horren bideragarritasuna azter dezan. EAJren arabera, Ansolak "begi onez" hartu du proposamena, eta konpromisoa hartu du proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertzeko, baita "ahalik eta erantzun azkarrena" emateko ere. "Azterketa horretan hainbat alor hartuko dira kontuan: jarraitu beharreko tramiteak, finantzaketa, zenbat plaka fotovoltaiko instalatu ahal izango liratekeen, kudeaketa eredua…", esan du Zestoako EAJk.

Auditorioa, lakua eta berdegunea

Aisialdirako guneari dagokionez, berriz, dagoeneko udalarena den lurzorua erabiltzea proposatu du EAJk "erabilera anitzeko espazioa" egiteko. Zera jasotzen du jeltzaleek ildo horretan egindako aurreproiektuak: harrobira doan bide zaharra —kilometro ingurukoa— egokitzea eta herritarrentzako pasealeku berria egitea; auditorio edo antzeztoki ireki bat sortzea, kontzertuetarako, hitzaldietarako edo antzezlanetarako; ur naturaleko laku bat eta
aisialdirako espazio berde bat sortzea; eta tirolina, rokodromo edo antzeko jarduerak egiteko beste gune bat egitea.

"Finean, urte askoan herriaren eguneroko bizitzatik kanpo egon den espazioa herriaren bizi-kalitatea hobetzeko proposamena da", esan du Mendizabalek. Haren hitzetan, proposamena "irekia" da, eta herritarren ekarpenak jasotzeko prest azaldu da. Herritarrekin eta eragileekin partekatu ondoren, behin betiko proiektua datozen asteetan aurkezteko asmoa du alderdiak.