Zestoako Gazte Asanbladako hainbat kidek Zentroko lokala hartu dute

Aitziber Arzallus 2023ko ots. 22a, 17:57
Joan den larunbatean plazan egin zuten elkarretaratzea. (Utzitakoa)

Egoerak sor ditzakeen kezkak eta galderak argitzeko, batzar irekia antolatu dute ostiralerako. Alonderoko aretoan izango da batzarra, 19:00etan.

Zestoako Gazte Asanbladako kideek jakinarazi dutenez,  asanbladako hainbat kidek egun batzuk Zentroko lokalean sartuta daramatzate. "Urte eta erdi goaz hitz eman zitzaigun espazioa lortzeko prozesuarekin lanean, eta egun, Udal Gobernuarekin eta Elizarekin hiruko mahaia osatzea lortu dugun arren, prozesuaren amaiera mugagabeki luzatzen ari zela ikusi dugu.

Agintaldiaren amaieran gaudela kontuan harturik, gaztetxearen arazoari behin betiko soluzioa emateko negoziaketak ahalik eta azkarren aurrera eramango direnaren bermeen beharra dugu. Hori dela eta, aurrera eramaten ari garen presio mekanismo hau, arazoa konpontzeko agente ezberdinak mugiarazteko ekintza gisa ulertzea nahiko genuke", azaldu dute ohar bidez.

Mezu berean, elizako komunitateari eta espazioaren erabiltzaile orori "lasaitasuna" helarazi diete, eta adierazi dute Udal Gobernuarekin eta elizarekin dagoeneko harremanetan jarri direla "gaztetxearen arazoari behin betiko erantzungo dion akordioa" exijitzeko. "Bitarte honetan, espazioa berak eta bertan dagoen material ezberdinek inolako kalterik jasoko ez dutela ziurtarazten dizuegu eta espazioari ematen zaion erabilerak etenik ez izateko Udal Gobernuarekin alternatibak negoziatzen ari gara".

Egoerak sor ditzakeen kezkak eta galderak argitzeko, batzar irekia antolatu dute ostiralerako. Alonderoko aretoan izango da batzarra, 19:00etan.

Hemen asanbladako kideek sare sozialetan argitaratu duten bideoa: