Gotzaindegiak salaketa jarri du gazte asanbladako kideen kontra

Aitziber Arzallus 2023ko ots. 27a, 18:10

"Berehala kanporatzeko arriskuan" daudela eta, "indarrak biderkatzeko Zentrora bertaratzeko" eskatu diete herritarrei. Larunbaterako elkartasun eguna antolatu dute.

Zestoako gaztetxea herrigunera lekualdatzeko presio bide gisa, gazte asanbladako hainbat kidek Zentroko lokala hartu zuten duela astebete. Lokala Elizarena denez, behin baino gehiagotan saiatu dira Elizako zein Gotzaindegiko ordezkariekin hitz egiten, baina gazteek zein udalak egindako komunikazio ahaleginek ez dute fruiturik eman. Areago, gaur eguerdian Zestoako Gazte Asanbladako kideek jakinarazi dutenez, Gotzaindegiak euren kontrako salaketa jarri du. Artean salaketari buruzko xehetasun gutxi zekizkiten gazteek, baina uste dute lokalaren jabeak bide judizialera jo izanak eraikinetik kanporatuak izateko "arrisku larrian" jarri dituela. "Ezer ziurrik ez dakigu, baina kanporatuak izateko arriskuan gaude, eta kanporatzea berehalakoa izan daiteke". Horiek horrela, herritarrei adi egoteko eskatu diete, eta "indarrak biderkatzeko, Zentrora bertaratzeko".

Bien bitartean, Zentroko lokala txukuntzeko eta egokitzeko lanetan jarraitzen dute gazteek. "Horretan pasatu dugu asteburu guztia, eta oraindik bada zer eginik", esan dute. "Batez ere beheko aretoan aritu gara lanean, garbitzen, dagoen materialaren inbentarioa egiten, hondakinak sailkatzen eta ateratzen, sekulako zerrikeria topatu baitugu". Gazteek ziurtatu dute "Elizak erabat utzita" zuela espazio hori, "egoera tamalgarrian". "Garbi ikusi dugu azken urteetan inork ez duela areto hori egoki izateko ahaleginik txikienik egin". Lasaitasun mezua ere helarazi diete materiala lokal horretan gordetzen duten herriko eragileei. "Jakin dezatela hemen duten materiala ondo zainduta egongo dela eta guk ez diogula inolako kalterik egingo". Asteburuan gazte asanbladako kideei herritarrak ere batu zaizkie auzolanera, eta horregatik "oso pozik" daude, herritarren babesaren adierazle delako hori.

Babes hori sentitu zuten joan den ostiralean ere, gaztetxea lekualdatzeko prozesuaren bilakaeraz, Zentroko lokala hartzeaz eta esku artean duten proiektuaz herritarrekin hitz egiteko antolatu zuten batzar irekian. Momentuan duten helburua "egoera egonkortzea" dela esan zuten, eta horretarako ezinbestekoa dela "udalarekin eta Elizarekin tratu batera heltzea". Udalaren azken egunotako jarrera "prozesu osoan izan duenaren antzekoa" dela ere adierazi zuten: "Gu ari gara udala presionatzen, eta udala ari da elkarrizketak martxan jartzen saiatzen. Elizako ordezkariek, ordea, ez dute telefonorik hartzen". Asanbladako kideak, oro har, gustura gelditu ziren batzarrak eman zuenarekin. "40 bat lagun azaldu ziren batzarrera, Zentroa hartu izana babesten zutenak ia denak. Hala ere, pena izan zen bizilagun guztiak azaldu ez izana, espreski eta behin baino gehiagotan gonbidatu baikenituen; baina gurekin hitz egin nahi ez badute, behartzerik ere ez daukagu".

Elkartasun eguna

Gotzaindegiak epaitegietan abiatu duen bideak izango duen bilakaeraren zain, orain arteko asmoei eutsi egingo diete gazte asanbladako kideek. Ildo horretan, Gaztetxea zentrora lelopean, elkartasun eguna antolatu dute larunbaterako, egun guztiko egitarauarekin. 09:30ean, asanbladako kideek harrera egingo diete Zentrora bertaratzen diren herritarrei; 10:00etan, auzolanari ekingo diote; eta gero, 14:30 aldera, bazkaria egingo dute han bertan. Bazkalostean, solaserako tartea hartuko dute, eta egunari bukaera emateko, 19:00etan hasita, Gaztetxea zentrora, soluzioa orain! lelopean manifestazioa egingo dute herrian barrena.

Azken egunotan, Zestoako herritarrek ez ezik, inguruko herrietako hainbat eragilek ere babesa eta elkartasuna adierazi dizkiete Zestoako Gazte Asanbladako kideei; besteak beste, Azkoitiko Gazte Asanbladak, Azpeitiko Gaztetxeak, Danda gazte asanbladak, Urola Erdiko GKSk eta Urola Erdiko Itaiak.