Leok'k musika taldearen eta Zestoako Gazte Asanbladaren artean ika-mika sortu da

Aitziber Arzallus 2023ko mar. 2a, 16:33

Leok'k musika taldeak Zentroko lokaleko gela batean entseatzen zuen orain arte, baina atzo han zituzten trasteak ateratzea erabaki zuten taldekideek, eta Zentroa hartu duten gazteek eurekiko izan duten jarrera gaitzetsi dute musikariek. Gazte asanbladako kideek garbi utzi nahi izan dute ez dutela inor Zentrotik kanporatu, eta Leok'k taldekoak beraien erabakiz atera direla handik.

Zestoako Leok'k musika taldeak gaur goizean sare sozialen bidez zabaldu dituen hainbat argazkik zeresana eman dute. Argazki horietan, batetik, Zestoako Gazte Asanbladako kideek duela hamar bat egun hartu zuten Zentroa ageri da, Gaztetxea Zentrora, soluzioa orain! dioen pankarta balkoitik zintzilik dela; eta bestetik, Leok'k taldea osatzen duten sei kideak ageri dira, Zentroko atarian, musika tresnak eta bestelako material mordo bat inguruan dutela. Argazkiekin batera, honako mezua zabaldu dute: Leok'k kanpoan, entsegu lekurik gabe.

Leok'k taldeko kide David Gorospek HITZAri azaldu dionez, beraiek hamabost urte daramatzate Zentroan entseatzen, Elizari alokairua ordainduta. Ez dute aldeko zein kontrako iritzirik eman nahi gazteek Zentroa hartu izanaren inguruan, baina ez daude ados eurekiko izan duten jarrerarekin. "Zentrora sartu eta gero deitu ziguten lehendabiziko aldiz, eta sarraila aldatu zutela eta gure giltzekin ezingo genuela sartu jakinarazi ziguten. Esan ziguten sartu nahi genuenean beraiei deitu beharko geniela, eta zabalduko zigutela atea".

Gorosperen esanetan, ez daude horrela ibiltzera ohituta. "Jubilatuta gaude, denbora libre asko daukagu, eta astean bitan edo hirutan entseatu ohi dugu. Gainera, diru asko balio duten musika tresnak eta materiala geneukan gela horretan, geure materiala. Orain arte nahi bezala ibili izan gara, nahi genuenean sartu, nahi genuenean irten, eta ez zaigu bidezkoa iruditzen orain gazteei baimena eskatzen ibili beharra; izan ere, Zentroa okupatuta dutenez, giltzarik ez digutela emango esan digute".

Jokabide horrek "asko izorratu" dituela ziurtatu du Gorospek. "Ez zaigu bidezkoa iruditzen beraien arauak guri modu horretan inposatzea, eta horregatik erabaki genuen atzo gure traste guztiak handik ateratzea. Jakin dezatela asko izorratu gaituztela, musika baita gure pasioa, gure ilusioa, eta tristea iruditzen zaigu adin hauetara iritsita horrela ibili beharra". Uneotan entseatzeko lekurik gabe daudela adierazi du Gorospek, eta ez dakitela zer egingo duten. "Iaz argitaratu genuen diskoa aurkezteko kontzertu batzuk baditugu lotuta, baina ez dakigu nola prestatu beharko ditugun".

Beste bertsio bat eman dute gazteek

Zestoako Gazte Asanbladako kideek, ostera, bestelako bertsioa plazaratu dute. "Argi utzi nahi dugu birjabetzea eman genuen momentutik talde honekin zein espazioa erabiltzen duen eragile ororekin harremanetan jarri ginela, horiek beraien jarduna moztu beharrik izan ez zezaten, eta Leok'k taldeari ere hasieratik eman genion espazioa erabiltzeko aukera".

Atzo, asteazkena, Leok'k taldekoek entsegua zutela jakinarazi zieten gazteei, eta Zentrora bertaratuko zirela. "Espaziora sarbidea eman genien, eta behar izanez gero, beraientzako giltza propioak emateko prestutasuna adierazi genien". Gazteek zehaztu dute Leok'k taldearen entsegu gela Zentroan dagoela, baina giltzaz itxitako aparteko gela bat dela, eta beraiek inongo momentutan ez direla sartu gela horretara, ez dutela sarbiderik. "Gure harridurarako, ordea, kanporatze posible batek beraien materiala kaltetu lezakeenaren beldur, taldeak bere material guztia atera zuen". Asanbladako kideek garbi utzi nahi izan dute beraiek inondik inora ez dutela Leok'k taldea Zentrotik kanporatu, eta irten badira, beraien erabakiz izan dela.