Atletismoaren harra, apal baina sakon

Mailo Oiarzabal 2023ko mar. 17a, 09:23
IƱaki Irureta Lasarteko hipodromoan, 1988ko Euskadiko Kros Txapelketan lehiatu ziren Zestoako Atletismo Taldeko neskekin. (Utzitakoa)

Zestoan atletismoaren alde egindako lana aitortu zioten bizi zenean ere Iñaki Iruretari, eta orain haren izena jarri diote herri krosari. Jone eta Onintza alabek aitaren ibilbidea eta atletismoarekiko maitasuna ekarri dituzte gogora.

Igandean, San Jose egunarekin, jokatuko dute Zestoako 43. Herri Krosa. Zenbaki borobilik ez du beteko, baina lasterketak bere historiaren mugarrietako bat ezarriko duela esan daiteke. Izan ere, Iñaki Irureta Memoriala izena hartuko du aurten lehen aldiz Zestoako proba herrikoiak. Atleta berantiarra, herri krosaren zein Zestoako Atletismo Taldearen hasieretan pertsona esanguratsua izan zen Irureta. Iazko ekainean hil zen, 89 urterekin; eta bizi zeneko urte askotan bezala, aurrerantzean ere herriko atletismoari estu lotuta jarraituko du haren izenak.

40 urte inguru zituela hasi zen atletismoa praktikatzen Iñaki Irureta. Gerriko arazoak zituen, horiek konpontze aldera Zarauzko masajista batengana joaten zen, eta hark gomendatuta hasi zen korrika. Horrela kontatu dute Jone (Zestoa, 1973) eta Onintza (Zestoa, 1974) Iruretak, Iñakiren alabetako bik. Ordura arte ez zuen kirol horrekin harremanik izan aitak, Jonek dioenez. "Mendian, bizikletan... ibiltzen zen, baina korrika ez". Harrezkero, beste ia 40 urtez, makina bat kilometro egin zituen, "gorputzak utzi zion arte".

Hain zuzen ere, Zestoako krosarekin izango zuen "atletismoarekin lehen kontaktua" Iruretak, Joneren esanetan. 1979ko lehen edizioan, Santa Kutz jaien bueltan antolatu eta maiatzaren 6an egin zen hartan, parte hartu zuen; sailkapenean, bigarren herritarra eta lehen beteranoa izan zen Irureta. Izan ere, 40 urterekin korrika hasita, beteranoen mailan lehiatu zen hasieratik. Euskadiko nahiz Espainiako selekzioekin hainbat txapelketatan parte hartu eta dominak irabazitakoa ere bazen Irureta, krosean zein pistan. 400, 800 eta 1.500 metrotako probetan aritzen zen pistan, aire zabalean distantzia luzeagoetan zaildua bazen ere; hainbat maratoi eta Behobia-Donostia egin zituen zestoarrak.

Zuri-gorri-berdea

Atleta gisa osatu zuen ibilbidea ez zen makala izan, baina Zestoan Iruretaren oroitzapena lotuago dago, seguru asko, herrian atletismoan eta atletismoaren alde egin zuen lanarekin. Herri krosa bera antolatzen hasi zirenen inguruan ibili zen, baina herriko atletismo taldearen sustatzaile eta entrenatzaile lanean egin zituenak dituzte gogoan iltzatuta askok eta askok. "Aita hil zenean, jende asko etorri zitzaigun berataz eta atletismo taldeaz zer oroitzapen on zituzten esatera", kontatu dute alabek. Horrek poztu eta "harro" sentiarazi ditu, herri krosari aitaren izena jartzeak bezala.

Zestoako Herri Krosaren 25. urteurrena zela-eta argitaratu zuten liburuan ageri da 1986-1987 ikasturtean hasi zela ofizialki Zestoako Atletismo Taldearen ibilbidea, baina ordurako Irureta eta beste batzuk umeekin eta gaztetxoekin lanean hasiak zirela uste dute haren alabek. "Taldea ofizialki osatu aurretik, gu lasterketetan lehiatzen ginen", gogoratu du Onintzak. Gu horren barruan zeuden Iruretaren hiru alabak, Jone, Onintza eta Naiara. "Gu ginen bere akuriak", dio Onintzak. Atletismoan hasi zenean, asteburuetan han eta hemen antolatzen zituzten lasterketa herrikoietan parte hartzen zuen Iruretak, eta berarekin eramaten zituen hiru alabak: aitari jarraituz hasi ziren parte hartzen haurrentzako lasterketetan, eta Zestoan taldea osatzea erabaki zutenean ere, eurek parte hartzeaz gain, "lagunak-eta" batu zituzten talde horretara. Urte gutxiren buruan, 60 kide inguru izatera iritsi zen taldea, maila desberdinetako lasterkariak batuta. Zestoaren biztanle kopurua kontuan hartuta, talde handia zen atletismokoa, eta kopuru deigarri horren barruan, nesken parte hartzea nabarmendu du Jonek: "Garai hura izateko, handia zen neskon parte hartzea. Geu hiru neska ginen, eta uste dut gure inguruko neska asko hasi zirela gure bidez". 1980ko hamarkadan Zestoan neskek kirola egiteko zuten aukera murritzak ere lagundu zuen, Irureta ahizpen ustez, atletismo taldeak hartu zuen pisuan. Zestoako Atletismo Taldearen elastiko zuri-gorri-berdea ezagun bihurtu zen umeen eta gaztetxoen lasterketetan eta txapelketetan. "Ez onak edo txarrak ginelako, batzuk oso onak izan baziren arren; baina Zestoa bezalako herri txiki batetik halako ume pila azaltzea deigarri egiten zitzaien joaten ginen tokietan", dio Onintzak.

Irureta (argazkian, eskuinean), Donostian jokatutako beteranoen pista estaliko Europako Txapelketan irabazitako zilarrarekin.

Bakoitzari berea

Bainuetxearen bueltan entrenatzen ziren atletismo taldekoak, "argia han zegoen eta". Entrenamendu saio haiek, herriz herriko lasterketak, haietara joan ahal izateko gurasoen "inplikazioa", taldeko giroa... Oroitzapen gozoak dituzte Irureta ahizpek ere urte haietaz; eta beren aitak horretan guztian izan zuen parteak ere badu tokia oroitzapen onen multzoan.

Iñaki Irureta gizon "lasaia" eta "apala" zen, alaben hitzetan, eta izaera hori transmititzen zuen entrenatzaile jardunean ere. "Oso pedagogoa zen eta ez zen batere lehiakorkeria zalea. Jendeak parte hartzea nahi zuen; eskua zeukan jendea hartzeko eta bakoitzari bere neurria eskatzeko. Gipuzkoako txapelduna zein azkena iritsiko zena zeuzkan taldean", azaldu du Onintzak. "Jendearengana iristen zen eta konfiantza transmititzen zekien, zeure buruarengan konfiantza edukitzen laguntzen zizun, bosgarren, hamargarren edo azkena ailegatuta ere", gaineratu du Jonek.

Herrigunekoak zein baserrietakoak eta auzoetakoak, inguruetako umeak eta gazteak atletismo taldera erakartzeko egin zuen lana ere aipatu dute alabek. Entrenamendu saioak bukatutakoan, autoa hartu eta gaztetxo horiek Arroara, Aizarnara edota inguruko baserrietara eramateko egiten zituen joan-etorriak ekarri dituzte gogora; eta, horrekin batera, beren ama eta Iñakiren emazte Maite Azkunek senarraren eta alaben atletismoarekiko atxikimenduari egindako ekarpena ere bai.

Aitak herrian arrastoa utzi duela jabetuta, pozik eta harro daude iruretatarrak. Eta badute beste poz bat ere: 2018an, herri krosaren 40. edizioan, omendu zuten Iñaki Irureta, probaren sortzaile Jexux Izeta Koiote zenarekin eta Jexux Goikoetxea Fatirekin batera.

Zestoako 43. Herri Krosaren egitaraua

Zestoako 43. Herri Krosak, Iñaki Iruretaren oroimenezkoak, adin guztietako atletismozaleak elkartuko ditu etzi goizean. Ohi dutenez, Zestoako Atletismo Taldeak udalarekin elkarlanean antolatutako proba haurren eta gaztetxoen lasterketekin hasiko da. Benjamin mailatik beherakoentzat bi lasterketa prestatu dituzte, 10:00etan eta 10:05ean, eta horietan herriko umeek bakarrik parte hartuko dute. 10:15etik aurrera, benjamin, kimu eta infantil mailetakoen bina lasterketa egingo dituzte, eta horietan irekia izango da parte hartzea.

Nagusien lasterketak, berriz, 11:30ean hasiko dira. Aurten ere bi aukera izango dituzte lasterkariek: 2,7  eta 8,6 kilometroko ibilbideak.

Nagusien lasterketetarako izen ematea irekita egongo da igande goizera arte herrikrosa.eus atarian.