Umeen danborradak berotu du santakutzen agurra

Mailo Oiarzabal 2023ko mai. 3a, 20:51

Pertsonaia eta jantzi berriek aberastutako danbor festak hartu ditu herriko kaleak arratsaldean, festak borobiltzeko.

Eguraldiaren beroari festa giro beroa gehitu diote Zestoako umeen danborradako parte hartzaileek gaur arratsaldean, Santa Kutz festak agurtzeko.

Danbor jotzaileek, pandero jotzaileek, sukaldari, gastadore eta zalduntxo txikiek, banderadunek, Zestoako kulturgintzari eskainitako karrozak eta, nola ez, aurten lehen aldiz kalera irten diren zirikatzaile-buruhandiek ikuskizun dotorea eskaini dute, herriko musika bandak jotako piezen erritmoa jarraituz. Ikusleen babesak ere ez die hutsik egin arratsaldeko protagonista nagusiei; jende asko elkartu da danborradaren ibilibide osoan, bereziki Gurutzeko eta plazako geldialdietan. 30 gradutik gorako beroarekin, urez ondo hornitu dituzte antolatzaileek umeak eta gaztetxoak, eta bi eguneko festak ondo borobildu dituzte.