1990ean Irunberrin jazotako gertakarien inguruko liburua aurkeztu du Pako Aristik Zestoan

Andoni Elduaien 2023ko mai. 18a, 08:22

Pako Aristik Irunberri, 1990: Arroilaren negarra liburua aurkeztu zuen atzo arratsaldean Zestoako Kultur Etxean. Portale kultur elkarteak antolatuta aritu zen Urrestillako idazlea liburuaren inguruko azalpenak ematen.

Atzo, asteazkena, Irunberri, 1990: Arroilaren negarra liburua aurkeztu zuen Pako Aristi idazleak Zestoako Kultur Etxean. Hain justu, 1990ean Irunberriko Arroilan jazotako gertakarien inguruko lana aurkeztu zuen Urrestillako idazleak Zestoan. Oñatiko Gure Bazterrak Jone Arrazola elkarteko kidearekin batera aurkeztu zuen lana idazleak, elkarte hori izan baita Aristi liburua idaztera bultzatu duena.

1990ean, bi ETAkideren gorpuak agertu ziren Irunberriko Arroilan, Espainiako Gobernuaren arabera bere buruaz beste eginda. Aristik kazetaritza eta literatura uztartu ditu lan horretan, eta bertsio ofiziala gezurtatu. Era berean, bertsio alternatibo bat eraiki du liburuan.