Herritar talde batek deituta, Orioko hilketa matxista salatu dute Zestoan

Andoni Elduaien 2023ko mai. 18a, 19:45

Zestoako plazan osatu dute borobila elkarretaratzeko parte hartzaileek. (Andoni Elduaien)

Euskal Herriko Mundu Martxak eta Bilgune Feministak herriz herri gaurko deitu dituen deialdiekin bat egin dute Zestoan. Amagoia Mujikaren artikulu batean oinarritutako ideietatik moldatutako testua irakurri dute plazan.

Euskal Herriko Mundu Martxak eta Bilgune Feministak herriz herri gaurko deitu dituen deialdiekin bat eginez, Orion izandako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin dute 19:00etan, Zestoan. Herritar talde batek egin du deialdia, eta dozenaka lagun elkartu dira Gora borroka feminista zioen bandera morearen eta haren gainean ezarritako kandelen bueltan. 

Gaurko elkarretaratzearen deitzaileek Amagoia Mujikaren artikulu batean oinarritutako ideietatik moldatutako testua irakurri dute plazan. Hain justu, honako testu hau irakurri dute: 

"Eraso matxista bat gertatzen denean, dena dardaratzen da. Bortitzen, erasoa jasan duena. Lurrikara latzena, bere azalean lehertzen dena. Eta komunitatea ere astintzen du. Erasotakoaren ingurukoak, erasotzailearenak, kuadrillak, familiak, kirol elkarteak, lantokiak, militantzia guneak, herriak... Ustezko bakean zegoen lurra zartatzen da, eta zulo, zirrikitu, konfiantza, harreman osasuntsuak, aisialdi libreak, zoriontasun parekidea, kale askeak... dena lokazten da. 

Zer egin dezake eta zer egin beharko luke komunitateak eraso matxista baten aurrean? Izan ere, ulertzen bada eraso bat ez dela bi pertsonaren arteko kontua, onartzen bada jendarte matxista baten biolentzia modua dela, erantzukizunaren parte bat komunitatearena izango da, ezta?

Erasoak baimendu, erraztu, elikatu egin daitezke. Justifikatu ere bai, ulertzen saiatu, erasotako pertsonaren eta erasotzailearen ñabarduretan arreta gehiegi jarri... Samurragoa litzateke bi pertsonaren arteko arazo zehatza balitz. Konpontzeko ere errazagoa. Baina errealitateak egunero zaplazteko forman gogorarazten digu ezetz, ez dela bi pertsonaren arteko kontua, sustrai sakoneko eta zabaltasun kezkagarriko arazoa dela. 

Erreparazioa erasoa gertatu eta berehala hasten da. Erasoa jasan duenak gertatutakoa kontatzen dion lehen pertsona horrek hasten du prozesua. Lehen begiradak, lehen hitzek edo lehen galderek mina areagotu edo mina txikiagotu egin dezakete. Lehen hartzaile hori izan daiteke polizia bat, lagun bat, osasun langile bat, senide bat, herritar bat... Horregatik da garrantzitsua denok hausnartzea zer egin beharko genukeen horrelako egoera baten aurrean, zer ez genukeen esan behar, zerk areagotu dezakeen mina eta zerk samurtu.

Lurdes 2023ko maiatzaren 16an hil zuten, ez zuen aukerarik izan berari gertatutakoa inori kontatzeko, ez zioten utzi. Bere bikotekide ohiak eskopeta tiroz hil zuen, eta ondoren, bere buruaz beste egin zuen. Askotan etxeetan gertatzen dena eta ohartzen ez garena, Orioko kalean lehertu zen. Horren azpian egiturazko indarkeria matxista dago, ez da kasu isolatua izan, egunero kolpatzen eta iraintzen gaituen sistema baten ondorio krudelena izan da. Sistema honek emakume izateagatik hiltzen gaitu, eta sistema hau emakumeonganako egiturazko indarkeria matxistari eskeri sostengatzen da. 

Hain errotuta dagoen jendarte matxista sustraietatik erauzteko, lana egin behar da majo, batzuetan asmatuz eta beste batzuetan, ez. Eraso matxista bat ekintza bortitza da, latza, kudeatzeko 'marroi' bat. Baina sortzen duen dardara, lurrikara, baliatu daiteke gauza batzuk tokiz aldatzeko, galdera batzuk egiteko, komunitatea astintzeko. Zein zaila eta neketsua den. Eta zenbat lan egiten duten mugimendu feministatik, zapaltzen dugun lur hau denontzat gozoagoa eta bizigarriagoa izan dadin. Benetan, ez dago tarterik ergelkerietarako. Gure bizitzak dira jokoan daudenak, eta gure bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu. Elkarrekin borrokan jarraituko dugu denak aske izan arte. 

Indarkeria matxistaren biktima zaren horri, zuri bai, zuei ahizpatasunez besarkada samur bana, bereziki Lurdesi eta familiari".