Zehaztu dituzte Zestoako Udaleko batzordeak eta erakundeetako ordezkariak

Maialen Etxaniz 2023ko eka. 30a, 10:44

Zestoako Udalaren 2023-2027 agintaldiko aurreneko udalbatzarra. (Maialen Etxaniz)

Atzo egin zuten 2023-2027 agintaldiko aurreneko udalbatzarra Zestoan. EH Bilduren eta EAJren ordezkariek datozen lau urteetan izango dituzten ardurak zehaztu zituzten atzokoan, baita udalak ordezkaritza duen erakundeetako ordezkariak zein izango diren ere. Datozen urteetan, orain arte bezala, hileko azken ostegunetan egingo dituzte udalbatzarrak Zestoan, 20:00etan hasita. 

Zestoako Udaleko ordezkariak ere martxan hasita daude dagoeneko. Joan zen ekainaren 17ko udalbatzaren osaketaren eta kargu hartze ekitaldiaren ostean, atzo egin zuten agintaldiko lehen udalbatzarra, datozen urteetako antolaketari dagozkion erabakiak hartzeko. Besteak beste, hizpide izan zituzten udalbatzen maiztasuna, udaleko batzorde berriemaileen osaketa, udalari lotutako erakundeetako ordezkariak eta liberazioak zein dietak. Erabaki guztiak aho batez onartu zituzten nahiz eta EAJk batzarrengatiko dietak ezartzeko eskaera egin zuen. Gaur egun Zestoako Udalak ez du batzarrengatik dietarik eskaintzen. Era berean, aurreratu zuten Mikel Arregi alkatea %100ean liberatuko dela, eta beste zinegotziren batek ere %100eko liberazioa izango duela, baina ez zuten izenik zehaztu. 

Aurrerantzean, eta orain arte bezala, Zestoako Udalaren udalbatzarrak hileko azken ostegunetan egingo dituzte, 20:00etan hasita. Izatez, Zestoa 5.000 biztanletik beherako herria izanik, ez dute zertan hilero udalbatzarra egin, baina horrela egitea dute erabakita udalbatzako ordezkariek. Batzordeak ere bi edo hiru asteko maiztasunez egiten dituzte.  

Batzorde berriemaileak

Guztira, zortzi batzorde berriemaile izango dira Zestoan 2023-2027 agintaldian, eta honako hauek izango dira: 

  • Hirigintza eta obrak: Zigor Plazaola (EH Bildu) izango da batzordeburua, eta gainerako kideak Mikel Arregi (EH Bildu) eta Garikoitz Mendizabal (EAJ).
  • Ogasuna, pertsonala eta zerbitzuak: Zigor Plazaola (EH Bildu) izango da batzordeburua eta gainerako kideak Mikel Arregi (EH Bildu) eta Eva Mangas (EAJ). 
  • Kultura, kirola eta jaiak: Jone Esposito, Mikel Arregi, Zigor Plazaola, Garikoitz Mendizabal
  • Sozio ekonomia, Trantsizio ekologikoa eta parte hartzea: Aitor Ossa (EH Bildu) izango da batzordeburua, eta gainerako kideak Mikel Arregi (EH Bildu), Iñaki Odriozola (EH Bildu) eta Montse Atxega (EAJ).
  • Euskara, kultur artekotasuna eta gazteria: Nerea Goikoetxea (EH Bildu) izango da batzordeburua eta gainerako kideak Lorea Ilundain (EH Bildu) eta Montse Atxega.
  • Gizarte harremanak, zaintza eta berdintasuna: Beatriz Zubia (EH Bildu) izango da batzordeburua eta gainerako kideak Nerea Goikoetxea (EH Bildu) eta Eva Mangas (EAJ).
  • Auzoerria eta baserriak: Lorea Ilundain (EH Bildu) izango da batzordeburua eta gainerako kideak Aitor Ossa (EH Bildu) eta Montse Atxega (EAJ).
  • Antolaketa eta estrategia: Mikel Arregi izango da batzordeburua eta Zigor Plazaola (EH Bildu) eta Garikoitz Mendizabal (EAJ) gainerako bi kideak. 

Erakundeetako ordezkariak

Hainbat dira Zestoako Udalaz haragoko erakundeak, eta horietan udal ordezkariek duten ordezkaritza ere zehaztu zuten atzoko udalbatzarrean. Honako hauek dira udalari lotutako erakundeak: Urola Erdiko Mankomunitatea, Pagoetako parke naturala, Uema, UEM, Urkome, Udalbiltza, Ekain fundazioa, San Juan Fundazioa, Gipuzkoako Uren Kontsortzioa, Haurreskolen Partzuergoa eta Hezkuntza Kontseilua. 

Honako hauek izango dira erakundeetako udal ordezkariak:

  • UEM: Mikel Arregi eta Zigor Plazaola. (Ordezkoak: Aitor Ossa, Iñaki Odriozola)
  • Uema: Nerea Goikoetxea eta Jone Esposito. (Ordezkoak: Mikel Arregi, Lorea Ilundain)
  • San Juan Fundazioa: Mikel Arregi eta Beatriz Zubia
  • Udalbiltza: Mikel Arregi.
  • Hezkuntza Kontseilua: Mikel Arregi
  • Haurreskolen Partzuergoa: Beatriz Zubia.
  • Ekain fundazioa: Mikel Arregi
  • Pagoeta parke naturala: Mikel Arregi
  • Urkome: Mikel Arregi
  • Gipuzkoako Urak: Zigor Plazaola.