Zestoako amabirjinak 2023

Pedro Luis eta Ruiz de Velasco toreatzaileak izango dira Zestoako zekorketetan

Julene Frantzesena 2023ko abu. 20a, 08:00

Zestoako zekorketa bateko irudia.

Irailaren 8an izango da aurreneko zekorketa, eta 10ean, berriz, bigarrena. Bi hitzorduak 18:00etan izango dira, eta horietan Adolfo Rodriguez Montesinos ganadutegiko zezenak izango dira plazan.

Zestoako Amabirjin jaietan bi zekorketa izango dira aurtengoan, eta horien antolatzaileek jada jakinarazi dute zein toreatzaile eta ganadutegi izango diren plazan.

Irailaren 8an izango da aurreneko zekorketa, 18:00etan hasita, eta Pedro Luis perutarra izango da toreatzailea –ordezkoa Sergio Cespedes–. Bigarren hitzordua, berriz, hilaren 10erako prestatu dute (18:00), eta Ruiz de Velasco toreatzaile palentziarraren –ordezkoa Guillermo Alonso– txanda izango da egun horretan. Bi saioetan Toledoko Adolfo Rodriguez Montesinos ganadutegiko zezenak izango dira plazan.

Zezenketa bakoitzerako sarrera hogei euro ordaindu beharko dute helduek, eta hamar euro, aldiz, umeek. Duela aste batzuk hasi ziren herriko plazan zekorketetarako harmailak eta barrerak muntatzen.