Zestoako amabirjinak 2023

Eraso matxisten aurkako protokoloa aurkeztuko du Itaiak asteazkenean, Zestoako festen atariko

Maialen Etxaniz 2023ko abu. 28a, 17:08

Urola Erdiko Itaiako kideak, udako festen atarian egindako agerraldian. (Urola Erdiko Itaia)

Festetarako prestatu duten protokoloa aurkeztuko dute Itaiako kideek. Alonderoko aretoan egingo dute aurkezpena, 19:00etan hasita. Protokoloa martxan jartzeko telefono zenbaki bat ere jarriko dute eskuragarri.

Zestoako Gazte Egunaren eta jaien atarian, festa giroan ematen diren eraso matxistei erantzuteko helburuz egindako protokoloaren aurkezpena egingo du Urola Erdiko Itaiak asteazkenean, abuztuak 30. Alorendoroko aretoan emango dituzte prestatutako protokoloaren inguruko xehetasunak, 19:00etan hasita. Hori dela eta, txosnagunean txandaren bat duen herritar oro dago batzarrera deituta, "denon ardura baita protokoloa ondo ateratzea". Erasoen aurkako protokoloa martxan jartzeko, besteak beste, 688 699 370 telefonora deitu beharko dute herritarrek.

Itaiako kideen hitzetan, festen testuinguruan, eraso matxistak "areagotu, normalizatu eta gordindu" egiten dira, eta horiei erantzuteko "tresnak sortzea garrantzitsua" dela adierazi dute. "Beharrezkoa ikusten dugu emakume langileok gure kabuz antolatzea eta gure babeserako bitarteko ezberdinak sortzea", adierazi dute. Norabide horretan prestatu dute protokoloa.