Zestoako amabirjinak 2023

Naroa Agirre: "Polita da Zestoako festei hasiera emateko aukera izatea"

Urtzi Oteiza eta Unax LarraƱaga 2023ko ira. 1a, 09:00

Amabirjinetako txupinazoa botatzeaz arduratuko da Naroa Agirre (Arroagoia, 2003) pilotaria. Zestoako Udalak omenaldia egin nahi izan dio, euskal selekzioarekin Pilotako Munduko Txapelketan izandako emaitza onak direla eta. Bi urre eta brontzea lortu zituzten selekziokoek udaberrian Alziran (Herrialde Katalanak) jokatu zuten txapelketan.

Nola iritsi zaizu txupinazoa botatzeko aukera?

Munduko X. Pilota Txapelketa irabazi ostean, udalak deitu zigun, omenaldi bat egitea nahi zigutela esanez; eta duela aste pare bat alkateak deitu zidan txupinazoa euskal selekzioko kirolariren batek botatzea gustatuko litzaiekeela esanez. Ni bertakoa izanik, neuri eskaini zidaten aukera, eta baietz esan nien.

Nolakoa da herriko festetan horrelako ekintza bat egiteko  aukera izatea?

Festen hasierako momentuak bizitzea ederra da, eta euskal selekzioari ikusgarritasuna ematea garrantzitsua dela iruditzen zait. Gainera, polita da horrelako omenaldi bat jasotzea.
Ni Arroagoikoa naiz izatez, baina hango festetan kanpoan nengoen, beraz, Zestoako festei hasiera emateko aukera izatea ere polita da.

Munduko Txapelketan bi urre eta brontzea irabazi zenituzten. Udan ere ez zara geldirik egon, ezta?

Munduko txapelketa Alziran [Herrialde Katalanak] jokatu genuen, neskok pilota valentziarrean eta nazioartekoan urre bana lortu genuen, eta brontzea onewall diziplinan. Mutilek, berriz, urrea lortu zuten pilota valentziarrean, eta zilarra onewall modalitatean.

AEBetan pilota irakasten ere jardun zara udan.

Bai, hori da. Gonbidapena egin zidaten AEBetatik, bertan hilabetez pilotan jokatzen irakasteko aukera emanez, Lur Ziarrustarekin batera. Segituan eman nien baiezkoa, eta han egin genuen campusa bi astez. Ondoren, Ipar Amerikako Euskal Erakundeak urtero antolatzen dituen udalekuetan izan gara. Aurten Boisen [Idaho, AEB] izan da, eta bertan egon gara begirale gisa pilotan jokatzen irakasten.

Emakumeen pilotari helduz, gaztetxoek horrelako erreferenteak edukitzeak garrantzia duela uste al duzu?

Gazteagoa nintzenean ez nintzen neskarik ez zegoenaren jakitun, baina, egia esan, duela urte batzuk zegoen neska kopurua eta gaur egun dagoena oso desberdinak dira. Zestoako pilota eskolan ni nintzen neska bakarra lehen, eta orain hamalau inguru daude; beraz, hor ikusten da erreferenteak izateari esker eta entrenatzaileen lan txukunari esker haurrak animatuz doazela. Erabat pozgarria iruditzen zait hori.

Zer dira Zestoako festak zuretzat?

Udako azken festak izaten dira, unibertsitatean hasi aurretik; beraz, uda ondo amaitzeko aprobetxatu egin behar direla iruditzen zait.

Zer asmo dituzu aurtengo festetarako?

Txupinazoa botatzeaz gain, euskal selekzioko kideak ere etorriko dira Zestoara. Ez gara uda osoan guztiok elkartu, beraz, polita izango da herriko festetan beraiekin egotea. Kuadrillakoekin ere gustura ibiliko naiz.

Partida ere jokatuko duzu.

Hori da. Irailaren 8an jokatuko dut pilota partida, 19:30ean, zezenketak amaitu ostean. Ados Pilota taldekoek jokatuko dugu, kanpoko pilotalekuan.