Zestoako amabirjinak 2023

Zestoan bustitik ari dira ospatzen Gazte Eguna

Ane Olaizola 2023ko ira. 2a, 14:47

Eguraldi petralari aurpegi ona jarri diote herritarrek, eta jai giroa da nagusi Zestoako Gazte Egunean. Gaztetxe berriaren aldeko zein Antton Olaizolari elkartasuna adierazteko aldarriak eta batukadak hartu dituzte herriko kaleak eguerdian. 

Amabirjinen atarian, Gazte Eguna dute gaur, larunbata, Zestoan. Euriak atsedenik eman ez badu ere, gazteek herriko kaleak hartu dituzte beren eguna ospatzeko, eta festa zein aldarria izan dituzte horiek protagonista. Udalak zein Zestoako Gazte Asanbladak egitarau bana prestatu dute Gazte Egunerako, eta ekintza sortarekin, herritarrak eguerditik aurrera murgildu dira jai giroan. 

Zestoako Gazte Asanbladaren eskutik, Gaztetxe berritik suziria botaz hasi dituzte ospakizunak dozenaka lagunek. Dena den, izan da ezustekorik une horretan, txupina lurrera erori eta han lehertu baita. Ordea, bere horretan geratu da ustekabekoa. Segidan, Antton Olaizola deportatu zestoarrari elkartasuna adierazteko argazkia atera dute Gaztetxean, eta han prestatutako luntxarekin poteoa hasi dute. Ondoren, manifestazioa egin dute kaleetan zehar, Gaztetxe berria "desalojo arriskuan" dagoela salatzeko eta haren defentsan. 

Eguraldi petralari aurpegi ona jarri diote herritarrek, eta giro ona izan da nagusi eguerdi partean. Asko aterpeetan babestu badira ere, musikaz gozatzeko aukera ere izan dute kalera atera direnek. Izan ere, udalaren eskutik, Zestoako Batukadak perkusio doinuz girotu du udaletxe azpia, eta dozenaka lagun hurbildu dira haiengana.

Euriak baldintzatuta

Eguraldiaren eraginez, Gazte Eguneko hainbat ekintza moldatu egin behar izan dituzte antolatzaileek. Txirrindulari elkarteak atzo jakinarazi zuen Ondarbasoko Igoera bertan behera utzi zuela, eta herri bazkaria zein horren ondorengo bertso saioa, berriz, Caravan Parkera lekualdatu ditu udalak. 

Hona hemen Gazte Eguneko egitaraua:

  • 14:15. Herri bazkaria, Caravan Parken, Antton ao pobo - Etxera herri ekimenak antolaturik. Bazkari kafearekin bertso saioari hasiera.
  • 17:00. Bertso saioa, Catavan Parken. Bertsolariak: Jon Maia, Miren Artetxe eta Unai Iturriaga. Gai-jartzailea: Imanol Artola.
  • Ondoren, Getariako Elektrotxorongo.
  • 18:00etan: 3re eta Costmix DJak, Gaztetxe berrian (ZGA). 
  • 22:30. EH Sukarra + Lin Ton Taun. Foru plazan.
  • 00:30etik aurrera, DJ Murxi Gaztetxe berrian (ZGA).