Zestoako amabirjinak 2023

Zekorketak eta estazio zaharreko kontzertuak izan dira arratsaldeko ekitaldirik jendetsuenak

Aitziber Arzallus 2023ko ira. 8a, 21:45

Zezen plaza bihurtutako herriko plaza goraino bete da jaietako lehen zekorketetan, eta jendetza batu dute Gurea Kultura ekimenak antolatuta eta zekorketen aternatiba gisa, estazio zaharraren parean izan diren kontzertuek ere. Horiez gain, beste hainbat ekitaldi izan dira Ama Birjina eguneko arratsaldean.

Eguerdi partean ez ezik, arratsaldean ere ez da jai girorik falta izan Zestoan. Urtero gisa, jaietako lehen zekorketa egin dute gaur arratsaldean zezen plaza bihurtutako herriko plazan, eta haren aurretik eta ondoren, Erdikalea jendez bete da Zestoako Musika Bandak Amparito Roca pasodoblea joz egin duen kalejiraren hasieraz gozatzeko.

Zekorketen bueltakoez gain, ordea, bestelako doinuak ere entzun ahal izan dituzte zestoarrek gaur arratsaldean. Azken urteotan ohitura bihurtu den legez, Gurea Kultura ekimenak antolatuta, zezenketen alternatiba kontzertuak izan dira estazio zaharraren parean. Inoiz Ez, Rodeo eta Ezpalak taldeak igo dira oholtzara eta jende ugari joan da zuzeneko musika emanaldiak bertatik bertara ikusi eta entzutera. Zekorketen ordu berean baita ere, Zirkokoloretsu ikuskizunaren emanaldia izan da kultur etxeko atarian, eta ume eta guraso mordoa egon da hari begira ere.

Zekorketak bukatu direnean, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak atera dituzte zezen plazara. Bat baino gehiago izan dira haien aurrean jartzen ausartu direnak, eta erakustaldia ere eman dute zenbaitek. Frontoi zaharrean, berriz, Ados elkarteko pilotarien arteko partida hasi da 19:30ak bueltan. Goiuri Zabaletak eta Naroa Agirrek osatu dute bikotea eta Iera Iturriagaren eta Maite Mujikaren kontra jokatu dute, dozenaka herritarren begiradapean.

Ama Birjina egunari bukaera emateko, kontzertuak izango dira Laranjadi plazan. Willis Drumond eta Mice taldeek joko dute aurrena, eta horiek bukatutakoan, Olber DJa arduratuko da txosnagunea girotzeaz.

Bihar eta etzi ere egun bete-beteak izango dira zestoarrentzat, festetako programak behintzat ez du atsedenerako tarte handirik aurreikusten. Hona hemen biharko eta etziko egitaraua:

Bihar, larunbata

  • 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
  • 12:00. Jolas parkea umeentzat frontoi inguruan, 14:00ak arte.
  • 12:30. Paella lehiaketarako prestaketak hasiko dira. Ustekabe txaranga egunean zehar.
  • 14:30. Paella lehiaketako epaimahaia pasatuko da.
  • Ondoren, herri bazkaria plazan.
  • 16:30. Jolas parkea umeentzat, 19:30ak arte.
  • 17:00. Kuadrillen arteko jolasak plazan, Ustekabe txarangak alaituta.
  • 19:00. Ustekabe txartanga.
  • 23:00. DJ Festa: Oliba & Antxoa, Albabarruna eta HGS.

Etzi, igandea. Umeen Eguna

  • 09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
  • 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
  • 11:30. Umeen diana zaratatsua, plazatik hasita. (Ume bakoitzak ekarri dezala zarata ateratzeko zerbait: kazuela, danbor, turuta, txistu...).
  • 12.00. Umeen txupinazoa. Ondoren, gaztetxoen dantzaurrea, zahagi-dantza eta buruhandiak, Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta. Ustekabe txaranga goizean zehar.
  • 12:45. Zezen bolaztatuak 16 urtetik gorakoentzat. Poniak umeentzat.
  • 14:30. Ume, gaztetxo eta gurasoentzat bazkaria.
  • 16:00. Haurrentzat tailerrak.
  • 17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, bigarren zekorketa iragarriz.
  • 17:30. XXIV. Arraza Libreko Artzain Txakurren Gipuzkoako Txapelketa, Zubiaurreko zelaian. Antolatzailea: Artxate elkartea.
  • 18:00. Gurea Kultura ekimenak antolatuta, zezenketen alternatiba kontzertuak estazio aldean: Arima, Sofa, Lukiek.
  • 18:00. Bigarren zekorketa. Toreatzailea: Ruiz de Velasco. Ordezkoa: Guillermo Alonso. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos. Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
  • Ondoren, Zestoako Banda Erdikalean.
  • 19:00. Apar-festa, frontoi zaharrean.
  • Ondoren, eta festei amaiera emateko, zahagi-dantzarien dantzaurrea kalez kale, Itxaropena dantza taldearen eta Zestuko Trikitixa taldearen eskutik.