Zestoako amabirjinak 2023

Biharamunari eta beroari aurre eginez, kolorez jantzi dute herria

Aitziber Arzallus 2023ko ira. 9a, 16:40

Umeek jolasetan eta puzgarrietan ibiltzeko aukera izan dute goizean; helduek, berriz, askotariko planak egin dituzte: batzuk paella prestatzen jardun dira gero kuadrillan bazkaltzeko, besteak poteoan ibili dira Ustekabe txarangaren doinuak lagun zituztela... 15:30ak jota eseri dira kuadrillak plazan, herri bazkarirako.

Gaur bezalako bero sapa ez da izaten biharamunari aurre egiteko lagunik onena, baina zestoarrek horretarako eta askoz gehiagorako gaitasuna dutela erakutsi dute gaur eguerdia bitartean. Alkandora koloretsuak soinean zituztela, kuadrilletan atera dira kalera, eta batzuek paella prestatzen zuten bitartean, besteak poteoan ibili dira Ustekabe txarangaren doinuak lagun zituztela.

28 bat taldek parte hartu dute paellla txapelketan, baina horiek baino gehiago izan dira udaletxeko atarian zein herriko beste hainbat lekutan paella prestatzen jardun diren kuadrillak. Horietako gehienek festetarako zezen plaza bihurtu duten herriko plazan bazkaldu dute gero, baina izan dira paella hartu eta bazkaltzera soziedadeetara joan diren kuadrillak ere, herriko plazako eguzki izpietatik ihesi.

Umeek, berriz, kultur etxeko atarian eta frontoi zaharrean jarri dituzten puzgarrietan eta jolasetan ibiltzeko aukera izan dute goiz guztian. Batzuek baliatu dute aukera, baina ez dira asko izan, beroa tarteko, askok nahiago izan baitute urez betetako puxikekin eta ur pistolekin jolastu.

Arratsaldean eta bihar ere ez dute aspertzeko betarik izango zestoarrek, aurtengo amabirjinei ordu asko gelditzein baitzaizkie oraindik. Hona hemen gaur arratsaldeko eta biharko egitaraua:

Gaur, larunbata.

  • 16:30. Jolas parkea umeentzat, 19:30ak arte.
  • 17:00. Kuadrillen arteko jolasak plazan, Ustekabe txarangak alaituta.
  • 19:00. Ustekabe txaranga.
  • 23:00. DJ Festa: Oliba & Antxoa, Albabarruna eta HGS.

Bihar, igandea. Umeen Eguna

  • 09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
  • 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
  • 11:30. Umeen diana zaratatsua, plazatik hasita. (Ume bakoitzak ekarri dezala zarata ateratzeko zerbait: kazuela, danbor, turuta, txistu...).
  • 12.00. Umeen txupinazoa. Ondoren, gaztetxoen dantzaurrea, zahagi-dantza eta buruhandiak, Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta. Ustekabe txaranga goizean zehar.
  • 12:45. Zezen bolaztatuak 16 urtetik gorakoentzat. Poniak umeentzat.
  • 14:30. Ume, gaztetxo eta gurasoentzat bazkaria.
  • 16:00. Haurrentzat tailerrak.
  • 17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, bigarren zekorketa iragarriz.
  • 17:30. XXIV. Arraza Libreko Artzain Txakurren Gipuzkoako Txapelketa, Zubiaurreko zelaian. Antolatzailea: Artxate elkartea.
  • 18:00. Gurea Kultura ekimenak antolatuta, zezenketen alternatiba kontzertuak estazio aldean: Arima, Sofa, Lukiek.
  • 18:00. Bigarren zekorketa. Toreatzailea: Ruiz de Velasco. Ordezkoa: Guillermo Alonso. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos. Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
  • Ondoren, Zestoako Banda Erdikalean.
  • 19:00. Apar-festa, frontoi zaharrean.
  • Ondoren, eta festei amaiera emateko, zahagi-dantzarien dantzaurrea kalez kale, Itxaropena dantza taldearen eta Zestuko Trikitixa taldearen eskutik.