Zestoako amabirjinak 2023

Kuadrillen arteko jolasak, arratsaldea arintzeko

Aitziber Arzallus 2023ko ira. 9a, 18:52

Zapiaren jolasean, aulki jokoan eta beste hainbat jolasetan ibili dira hainbat lagun, eta beste askok haiei begira pasatu dute bazkalostea, herriko jaietarako zezen plaza bihurtu duten herriko plazan.

Amabirjinetako hirugarren egunari aurre egiteko, dozenaka zestoarrek herri bazkaria egin dute herriko jaietarako zezen plaza bihurtu duten herriko plazan. Eguzki izpietatik babesteko itzalkinen azpian, eguerdiko txapelketarako prestatutako paellak jan dituzte han bildutakoek, eta behin bazkaria bukatu dutenean eta mahaiak eta aulkiak txukun jaso dituztenean, kuadrillen arteko jolasei ekin diete plazan bertan.

Zapiaren jolasean, aulki jokoan eta beste hainbat jolasetan ibilli dira hainbat kuadrillatako kideak, eta besteak, gradetatik begira egon dira. Ustekabe txarangaren doinuek lagunduta, primerako arratsaldea igaro dute denek.

Gaur iluntzean eta bihar ere ez dute aspertzeko betarik izango zestoarrek, aurtengo amabirjinei ordu asko gelditzen baitzaizkie oraindik. Hona hemen gaur arratsaldeko eta biharko egitaraua:

Gaur, larunbata.

  • 19:00. Ustekabe txaranga.
  • 23:00. DJ Festa: Oliba & Antxoa, Albabarruna eta HGS.

Bihar, igandea. Umeen Eguna

  • 09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
  • 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
  • 11:30. Umeen diana zaratatsua, plazatik hasita. (Ume bakoitzak ekarri dezala zarata ateratzeko zerbait: kazuela, danbor, turuta, txistu...).
  • 12.00. Umeen txupinazoa. Ondoren, gaztetxoen dantzaurrea, zahagi-dantza eta buruhandiak, Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta. Ustekabe txaranga goizean zehar.
  • 12:45. Zezen bolaztatuak 16 urtetik gorakoentzat. Poniak umeentzat.
  • 14:30. Ume, gaztetxo eta gurasoentzat bazkaria.
  • 16:00. Haurrentzat tailerrak.
  • 17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, bigarren zekorketa iragarriz.
  • 17:30. XXIV. Arraza Libreko Artzain Txakurren Gipuzkoako Txapelketa, Zubiaurreko zelaian. Antolatzailea: Artxate elkartea.
  • 18:00. Gurea Kultura ekimenak antolatuta, zezenketen alternatiba kontzertuak estazio aldean: Arima, Sofa, Lukiek.
  • 18:00. Bigarren zekorketa. Toreatzailea: Ruiz de Velasco. Ordezkoa: Guillermo Alonso. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos. Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
  • Ondoren, Zestoako Banda Erdikalean.
  • 19:00. Apar-festa, frontoi zaharrean.
  • Ondoren, eta festei amaiera emateko, zahagi-dantzarien dantzaurrea kalez kale, Itxaropena dantza taldearen eta Zestuko Trikitixa taldearen eskutik.