Zestoako amabirjinak 2023

Ekitaldiz betetako arratsaldearekin, bukatu dira aurtengo amabirjinak

Aitziber Arzallus 2023ko ira. 10a, 20:39

Artzain txakurren txapelketa, zekorketak, zezen bolaztatuak, kontzertuak, apar festa eta beste hainbat ekitaldi izan dira Ama Birjina festetako azken arratsaldean. Horien guztien ostean, zahagi dantzariek dantzaurrea kalez kalez eginda, amaitutatzat eman dituzte aurtengo herriko festak.

Bukatu dira aurtengo Ama Birjina jaiak, baina azken unera arte, arratsalde guztiak modu askotako ekitaldiak izan dira herriko hainbat tokitan. Gaurkoa Umeen Eguna izanik, eguerdian herriko umeek txupinazoa bota dute udaletxeko balkoitik, eta plazan dantza egin ostean, bazkaria egin dute jubilatuen tabernan. Bazkalostean, tailerrak egin dituzte, eta egunari bukaera apar festarekin eman diote.

Helduagoentzat, berriz, bestelako hamaika ekitaldi izan dira aukeran. 17:30ean hasita, XXIV. Arraza Libreko Artzain Txakurren Gipuzkoako Txapelketa jokatu dute Zubiaurreko zelaian. Aretxabaletako eta Azpeitiko lehiaketetan sailkatutako artzainek eta iazko txapeldunak, Gaizka Etxaniz azkoitiarrak, hartu dute parte. 18:00etan hasita, berriz, jaietako bigarren zekorketak izan dira festetarako zezen plaza bihurtutako herriko plazan. Berez, Eduardo Ruiz de Velasco toreatzailea zen plazara ateratzekoa, baina min hartuta dagoenez, Javier Canok ordezkatu du hura. Zekorketen ostean, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak atera dituzte zezen plazara, 16 urtetik gorakoentzat, eta gaurkoan ere ikuskizuna eman dute haien aurrean ibili diren batzuek.

Garai berean, Gurea Kultura ekimenak antolatuta, zezenketen alternatiba kontzertuak izan dira estazio zaharraren parean. Gaurkoan, Arima, Sofa eta Lukiek taldeak igo dira oholtzara, eta dozenaka izan dira arratsaldea haien doinuak entzunez igarotzea erabaki duten herritarrak.

Festei bukaera emateko, zahagi dantzariek dantzaurrea egin dute kalez kale, Itxaropena dantza taldearen eta Zestuko Trikitixa taldearen eskutik.