Artadiak berreskuratzeko ezkur bilketa egingo dute Zestoan

Ane Olaizola 2023ko urr. 2a, 11:47
Ezkurrak. (Pixabay)

Urriaren 14an bilduko dute ezkurra, Zestoa eta Aizarna artean. Ondoren, bazkaria egingo dute Aranburu jatetxean, eta hara joateko izena eman behar da aurrez.

Zestoako eta Mendaroko udalek zein Itziarko Auzo Udalak antolatuta, artadiak berreskuratzeko ezkur bilketa egingo dute hilaren 14an, larunbatez, Naturtzaindia elkartearekin laguntzarekin. 09:00etan Zestoako plazan elkartuko dira, eta handik Aizarnara joango dira, bidean ezkurrak biltzeko. Guztira, hiru kilometroko ibilbidea izango da.

Ondoren, bazkaria egingo dute Aizarnako Aranburu jatetxean, eta otordurako izena eman nahi duenak info.naturtzaindia@gmail.com helbidera idatzi beharko du hilaren 10a baino lehen. Bazkariaren prezioa 22 eurokoa da.