'Bidelaguna' egitasmoa jarri dute martxan eskolan

Intza Trula 2023ko urr. 19a, 11:46

Zestoako Herri Ikastetxea.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak bideratzen du Bidelaguna egitasmoa eta eskolan laguntza behar duten haurrei zuzenduta dago. Urritik maiatzera bitartean martxan egongo da Zestoako Herri Ikastetxean.

Bidelaguna egitasmoa abiatu zuten joan den astean Zestoako Herri Ikastetxean, eta maiatzera arte egongo da martxan. Eskolan laguntza behar duten umeek eskolaz kanpoko ordutegian errefortzu saioetara joateko aukera izango dute Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak bideratutako egitasmoari esker.

Hori horrela, eskolak erabakiko du beharraren arabera zein ikasle joango diren laguntza edo errefortzu saio horietara, eta baita horien iraupena ere.  Ordubeteko saioak izango dira, astelehenetik ostegunera, eta hiru hezitzaile izango dituzte laguntzeko. 

Hasiera batean, LHko hirugarren zikloko eta DBHko lehenengo zikloko ikasleei bideratua dago Bidelaguna, baina Zestoako eskolan LHko bigarren zikloan ere hasi dira saio hauek egiten. Udalak, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza baten bidez finantzatuko ditu bigarren zikloko ikasleen errefortzu saio hauek, "lehenagotik hastea lagungarria izan daitekeelako".