A30 greba feminista orokorra

Egoitzetako langileei babesa adierazi diete Zestoan greba egunean

Intza Trula 2023ko aza. 30a, 14:32

Greba feminista orokorrarekin bat egin dute Zestoan, eta Mugimendu Feministak deituta, lanean jardun behar izan duten langileei babesa adieraztera gerturatu dira goizean egoitzetara. Eguerdian, berriz, plazan elkartu dira herritarrak, elkarretaratzea egiteko.

Greba feminista orokorrera batu dira Zestoan ere, herriko mugimendu feministak deituta. Hain zuzen, lanuztearekin bat egin ezin izan dutenei babesa agertzera bertaratu dira 10:30ean Gisasolako egoitzara, eta ondoren berdina egin dute San Juan egoitzan ere. 

Zaintzarekin negoziorik ez eta Zaintza sistema publiko eta komunitarioa lelopean mobilizatu dira Mugimendu Feministakoak. Horrez aparte, herritar batek ere hitza hartu du, zaintza esparruan diharduten langileen lan baldintzak salatzeko eta horien beharra azpimarratzeko.

Euriak ez ditu gelditu, eta behin egoitzetatik pasata, 12:00etan herriko plazarako bidea hartu dute zestoarrek, eta aldarrikapenekin jarraituz elkarretaratzea egin dute makina bat herritarrek. Horrez gainera, 19:00etan ekitaldi nagusia egingo dute, herriko plazan.