Zestoako Udaleko langileek bat egin dute sektore publikoan biharko deitutako grebarekin

Mailo Oiarzabal 2023ko abe. 18a, 11:10

Zestoako udaletxea.

Eraikin eta zerbitzu publiko gehienak itxita egongo dira bihar. Etxez etxeko zaintzan, Bake epaitegian, Udaltzaingoan eta Zestoako eta Arroabeko haur eskoletako garbiketan gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte.

ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek grebara deitu dituzte sektore publikoko langileak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan biharko, abenduaren 19rako.

Deialdi horrekin bat egin dute Zestoako Udaleko langile guztiek, udalak berak jakinarazi duenez. Hori dela eta, bihar itxita egongo dira Zestoako kiroldegia, liburutegia, udaletxeko harrera eta gainerako udal zerbitzuak.

Langile guztiek greba egingo duten arren, gutxieneko zerbitzuak izendatu dituzte Gizarte Zerbitzuek eskaintzen duten etxez etxeko zaintza zerbitzuaren arreta pertsonalean, Bake epaitegian, Udaltzaingoan eta Zestoako zein Arroabeko haur eskoletako garbiketa zerbitzuetan.