'Arroa Behea Hezitzailea' programako lehen saioa egingo dute bihar

Intza Trula 2024ko urt. 15a, 13:03

Arroabea. (Artxibokoa)

Hainbat eragileren arteko elkargune bat sortzea eta hezkuntza modu zabal batean lantzea dira Arroa Behea Hezitzailea ekimenaren helburu nagusiak. Zestoako Udalak eta Oinherri elkarteak bat egin dute egitasmo honetan. 

Arroa Behea Hezitzailea programari ekingo diote bihar lehen saioarekin. Zestoako Udalak eta Oinherri elkarteak elkarlanean hasi dute lanketa, eta herritarrekin batera, eragile ezberdinen arteko elkargunea sortzeko eta hezkuntza modu zabal batean jorratzeko helburua izango dute datozen hilabeteetan.

Antolatzaileen esanetan proiektua Arroan hezkuntza hobetzeko urrats "esanguratsua" da. Horrez gainera, herriko eragileen arteko elkarlanaren garrantzia ere nabarmentzen du. "Epe luzera arrakasta lortzeko ezinbestekoa da hezkuntza komunitateak elkarrekin lan egiteko erronkak identifikatu eta partekatutako estrategiak garatzeko espazio bat sortzea".

Proiektu berritzaile honetan Zestoako Udalak Oinherri udalerri hezitzaileen sustapenerako elkartearen aholkularitza eta laguntza jasoko du, eta datozen hilabeteetarako hiru saio programatu ditu. Saio guztiak Arroabeko elkargunean izango dira, 18:00etatik 20:00etara.

Honakoak izango dira saioak:

Urtarrilak 16, asteartea. Diagnosi partekatua: non gaude? Hezkuntza modu integral batean ulertuz Arroabean jadanik burutzen diren egitasmoak zerrendatuko dituzte, eta horietan lan egiten duten eragileak identifikatu eta euren arteko elkarlana aztertuko dute. "Herriko hezkuntza arloaren argazki bat egitea izango da saio honen helburua, indarguneak eta ahulguneak identifikatu eta erronkak zehazteko".

Otsailak 6, asteartea.  Hezkuntzarako herri estrategia: nora joan nahi dugu? Bigarren saio honetan herri hezitzailearen filosofiak hezkuntzatik herri estrategia aberasteko ematen dituen aukerak mahai gaineratuko dituzte. "Herri bezala ipar konpartitu bat eraikiko dugu, hezkuntzatik burutzen diren egitasmo guztientzako testuinguru bat kokatuz". Norabide horretan dituzten erronkak definituko dituzte, baita lehentasunak adostu ere.

Martxoak 12, asteartea. Plangintza partekatua: nola joango gara? Arroabeko hezkuntza elkargunea ezaugarrituko dute azken saio honetan. "Hezkuntza elkargunea ezaugarrituko dugu; maiztasuna, funtzionamendua, elkarrekin egin ditzakegun ekintzak eta baliabideak identifikatuz". Plangintza partekatua definituko dute.