60.000 euro bideratuko ditu Zestoako Udalak aurrekontu parte hartzaileetara

Intza Trula 2024ko ots. 2a, 14:03

Mikel Arregi alkatea eta IƱaki Odriozola zinegotzia aurrekontu parte hartzaileen aurkezpenean. (Intza Trula)

Gaur eguerdian eman dituzte aurrekontu parte hartzaileen xehetasunak Mikel Arregi alkateak eta Iñaki Odriozola zinegotziak. Otsailaren 21a da proposamenak aurkezteko azken eguna. 

60.000 euro bideratuko ditu aurten Zestoako Udalak aurrekontu parte hartzaileetara. Gaur eguerdian azaldu dituzte Mikel Arregi alkateak eta Iñaki Odriozola zinegotziak aurrekontu parte hartzaileen ezaugarriak eta datak. Hain zuzen, otsailaren 21era bitartean izango dute elkarteek eta norbanakoek proposamenak aurkezteko epea, eta aukeratutakoak urte honetan gauzatuko ditu udalak.

Herritarrek aurrekontu parte hartzaileetarako proposamenak aurkezten dituzte lehendabizi, eta ondoren, beraiek izaten dira bildutako aukera guztien artean boza ematen dutenak ere. Arregik azaldu duenez, herritarren parte hartzea ziurtatzeko modu "zuzenena" da hori udalarentzat.

Hirugarren aldiz jarri du martxan udalak honako prozesua; aurten, ordea, aldaketa batekin: "Aurreko bi aldietan prozesua irailean hasi genuen; aurten, baina, hilabete batzuk beranduago egin dugu, besteak beste, herritarrek proiektuak pentsatzeko denbora gehiago izan dezaten", azaldu du alkateak.

Guztira 60.000 euro bideratuko ditu Zestoako Udalak aurrekontu parte hartzaileetara –aurreko urtean baino 10.000 gehiago–. Hori horrela, norbanako eta elkarte bakoitzak gehienez bi proiektu aurkeztu ahal izango ditu, eta bakoitzak gehienez 15.000 euroko kostua izan dezake. Hirigintzari lotutako proposamenak izaten dira ohikoenak; horregatik, alkateak bizilagunei dei egin die beste alor batzuen inguruko iradokizunak egin ditzaten.

Bi data garrantzitsu azpimarratu dituzte alkateak eta zinegotziak: otsailaren 21a eta 27a. Hain zuzen, otsailaren 21erako udalari idatziz aurkeztu beharko zaizkio iradokizunak, telematikoki edota presentzialki. 27an, aldiz, proiektu bakoitzaren aurkezpen presentziala egin beharko dute norbanakoek eta elkarteek, bakoitzaren xehetasunak eta zergatiak adieraziz. Aurkezpen hau egitea "nahitaezkoa" izango da, proiektuak prozesuan aurrera jarraitzeko.

Jarraian, Odriozola zinegotziak aurrekontu parte hartzaileen prozesua dataz data azaldu du. Esan bezala, otsailaren 21ean itxiko da proiektuak aurkezteko epea, eta ondoren, eskatutakoa betetzen ez dutenak alde batera utziko ditu udalak. Hilaren 27an, onartutakoen aurkezpenak egingo dituzte. Otsailaren 28tik martxoaren 27ra bitartean izango da azterketa fasea: udaleko zerbitzu teknikoek proiektu bakoitzaren aurrekontua egingo dute bertan, bideragarriak ez direnak prozesutik kanpo utziz. Apirilaren 9an, ordura arteko emaitza guztiak aurkezteko bilera bat egongo da, eta 10etik 26ra bitartean irekiko da boza emateko aukera. Bozketa telematikoki egingo da. Azkenik, apirilaren 30ean, beste bilera bat egingo da bozketaren emaitza eta prozesu guztiaren beste emaitza batzuk emateko.

2024ko maiatzetik aurrera Zestoako Udalak aukeratutako proiektuak gauzatzeko eta jarraipen bat egiteko ardura hartuko duela gehitu du Odriozolak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide