Dokumental emanaldia eta afaria izango dituzte Arroabean Martxoaren 8an

Mailo Oiarzabal 2024ko mar. 3a, 10:23

'Arian komandantea' dokumentalaren irudi bat.

Ederki elkartean egingo dituzte Emakumeen Nazioarteko Eguneko bi ekitaldiak. Afarira joan nahi dutenek asteartera arte eman dezakete izena Txara dendan.

Arroabean ere ospatuko dute Emakumeen Nazioarteko Eguna. Datorren ostiralean, Martxoaren 8an, inguruko mobilizazioetara joateko elkartuko dira 18:45ean plazan. Mobilizazioetatik bueltan, berriz, M-8a dela-eta Arroabean antolatu dituzten ekitaldien txanda iritsiko da.

Ederki elkartean, Arian komandantea dokumentala emango dute lehendabizi, 20:00etan. Alba Sotorrak zuzendutako 2018ko dokumentalaren protagonista nagusia da Arian komandantea. Harengandik abiatuta, Siriako Kurdistanen Estatu Islamikoaren kontra borrokatu ziren Emakumeen Babes Unitateen (YPJ) egunerokoa jaso zuen Sotorrak; 2014. eta 2015. urteen arteko Kobane hiriaren defentsa ageri da filmean, hain zuzen.

Zinema emanaldia bukatutakoan, 21:30ean, mahai bueltan elkartuko dira Arroabeko emakumeak elkartean bertan, Martxoaren 8ko afaria ospatzeko. Afarira joan nahi dutenek asteartera arte, hilaren 5a bitartean, eman dezakete izena Txaran, dendara joanda edo hango 722 60 10 73 telefono zenbakira idatzita.