Larunbatean hasiko da Lili jauregiko bisita antzeztuen denboraldia

Mailo Oiarzabal 2024ko mar. 7a, 15:32
Maialen Kortadi aktorea, Liliko Andre Madalenen rolean. (Ekainberri)

Asteburu honetatik aurrera, larunbat arratsaldetan eta igande goizetan zein hainbat jaiegunetan izango da Liliko Madalenen eskutik Zestoako XVI. mendeko jauregia eta han bizi zirenen istorioak ezagutzeko aukera. Denboraldi osorako sarrerak salgai daude dagoeneko.

Aurten ere Martxoaren 8aren bueltan hasiko dute bisita antzeztuen denboraldia Lili jauregian. Hain zuzen ere, etzi, larunbata, hartuko ditu 2024ko lehen bisitariak Liliko Madalenek, Lilitarren ohorea antzezlaneko pertsonaia nagusiak. Haren eskutik, Zestoako XVI. mendeko jauregia eta han bizi zirenen istorioak ezagutzeko aukera izango dute bisitariek.

Abenduaren 15a bitartean, larunbatetan 17:30ean eta igandeetan 12:30ean antzeztuko dute Lili jauregian Lilitarren ohorea euskaraz (16:30ean eta 11:30ean gaztelaniaz). Asteburuetan ez ezik, hainbat jaiegunetan ere egongo da Liliko bisita antzeztuetara joateko aukera: Aste Santuan, ostegunean arratsaldez eta ostiralean goizez; eta maiatzaren 1ean, uztailaren 25ean, abuztuaren 15ean, azaroaren 1ean eta abenduaren 6an, goizez.

Aurten, Inma Izeta eta Maialen Kortadi zestoarrek jokatuko dute Andre Madalenen rola. 2013an hasi ziren Lili jauregian bisita antzeztuak eskaintzen, eta 2015ean estreinatu zuten Lilitarren ohorea antzezlana; hasieratik, Zestoako Arte Eszenikoen Eskolako aktoreek gorpuztu dute Liliko Madalenen pertsonaia.

Sarrerak salgai

Bisita antzeztu bakoitzerako bisitari kopurua mugatua izango da eta sarrerak aurrez erostea gomendatzen dute arduradunek. Denboraldi osoko sarrerak online eros daitezke dagoeneko, Ekainberriren webgunean, 7 euroren truke orokorrak eta 6 euroren truke murriztuak –ikasleak, irakasleak, erretiratuak eta pentsiodunak; 6 urtetik beherako haurrentzat sarrera doan da. Bestetik, taldeek ohiko egutegitik kanpo erreserba egiteko aukera dute Lilin.

Informazio gehiago behar dutenek info@ekainberri .com-era idatzi edo 943-86 88 11 telefono zenbakira dei dezakete.