San Isidro kalea asfaltatzeko lanek hainbat aldaketa eragingo dituzte zirkulazioan Arroabean

Mailo Oiarzabal 2024ko mar. 12a, 11:39
Arroabeko San Isidro kalea, artxiboko irudian. (Nerea Uranga)

Bihar, etzi eta ostiralean 08:30etik 18:30era itxita egongo da kalea bera, eta auzoko sarrera-irteerak zein ondoko kaleetako ibilgailuen mugimenduak baldintzatuko dituzte lanek.

Datozen hiru egunetan –bihar, etzi eta ostirala– asfaltoa berritzeko lanak egingo dituzte Arroabeko San Isidro kalean, eta lanok zuzenean eragingo dute auzoko zirkulazioan. Arroabeko sarrera eta irteera nagusia da San Isidro kalea, eta auzo barruko zirkulazioa ez ezik, auzoko sarrera-irteerak ere baldintzatuko dituzte bihar hasiko diren lanek.

Bihartik ostiralera, hiru egunetan itxiko dute San Isidro kalea 08:30etik 18:30era. Ordu tarte horretan, Marduxarra eta San Isidro kaleetara ezingo da autoz sartu, ezta kale horietatik autoz irten ere; hala ere, larrialdiren bat izanez gero, ibilgailuak sartzeko zein irteteko aukera "beti" utziko dutela zehaztu du Zestoako Udalak. Era berean, GI-631 errepidean egin duten sarrera berritik sartu beharko dute ibilgailuek Arroabera (Zumaia-Zestoa noranzkoan); eta Arroabetik ateratzeko, N-634 errepidera egokitu duten irteera berria erabiliko beharko da.

Asfaltatze lanek irauten duten bitartean Arroabeko sarrera-irteerak nondik nora izango diren azaltzeko, mapa hau zabaldu du udalak, Olaeta eta Narkis Balentziagako errepideen norabideak zehaztuz: