Energia trantsizioaz hitz egiteko mahai ingurua antolatu du Argiolak Zestoan

Mailo Oiarzabal 2024ko mar. 15a, 11:45
Nerea Uranga kazetaria, Aitziber Sarobe eta Markel PeƱalba 2022an, 'Parean eta pareko' saileko elkarrizketan.

Markel Peñalbak eta Aitziber Sarobek parte hartuko dute "entzuteko, ikasteko eta hausnartzeko" izan nahi duen saioan, Jon Artanok moderatuta. Datorren asteartean, martxoaren 19an, izango da hitzordua, 18:30ean, Alonderon.

Trantsizio energetikoa, nola? izenburuarekin, mahai ingurua antolatu du Zestoako Argiola energia berriztagarrien komunitateak datorren astearterako, martxoaren 19rako. Markel Peñalba zumaiara –Ikerbasqueko ikerlaria eta itsas energian aditua– eta Aitziber Sarobe zarauztarra –biologoa eta natur kontserbazionista– elkartuko dituzte egun horretan Argiolakoek Alonderon, 18:30ean, Jon Artano kazetari zestoarrak moderatuko duen solasaldirako.

Asteartekoa "entzuteko, ikasteko eta hausnartzeko" saioa izatea nahi du Argiolak; "energia trantsizioak eta krisiak gure lurraldean duten eraginaren gaineko hausnarketa" bultzatzea, hain zuzen ere. "Erantzun baino galdera gehiago" sortzen dituen gaia dela ulertzen dute Argiolakoek, energia trantsizioarena "ertz asko dituen gai korapilatsua" delako, eta horregatik antolatu dute mahai ingurua, gertuko bi adituren ikuspuntuak ezagutzeko.

Gukaren Parean eta pareko elkarrizketa sailean ere elkarrekin aritu ziren Peñalba eta Sarobe, gai beraren bueltan, 2022ko azaroan.