Zestoako gaztetxoek eta adinekoek elkarrekin gozatu dute Udaberri Festaz

Maialen Etxaniz 2024ko mar. 23a, 13:17

Zestoako Herri Eskolako ikasleek Udaberri Festa egiten dute urtero. Aurtengoa atzo ospatu zuten, San Juan parkean. Bertan izan ziren San Juan egoitzako erabiltzaileak ere.  

Udaberriarekin lotzen den alaitasunarekin ospatu ohi dute Zestoako Herri Eskolako ikasleek Udaberri Festa. Urtero data hauen bueltan egin ohi duten jaia da, baina aurten lekualdatu egin behar izan dute, eskolako jolastokia obretan baitute. Hori dela eta, San Juan parkean egin zuten jaia atzokoan. Gainera, bisita berezia jaso zuten.

San Juan parkea San Juan egoitzaren azpian dago, eta egoitzako erabiltzaileek gaztetxoen festarekin bat egin zuten atzokoan. Modu horretan, askotariko jolasetan ibiltzeko aukera izan zuten eskolako ikasleekin batera. 

(Argazkiak: Zestoako Udala)