Zestoako pilotalekua eta GI-631 errepidearen bulebarizazioa, aurrekontuen gehikuntzako proiektuen artean

Maialen Etxaniz 2024ko mar. 25a, 15:46
(Zestoako Udala)

Zestoako Udalak aho batez onartu du 2024ko udal aurrekontuaren lehenengo aldaketa. Bertan jaso dituzte GI-631 errepidearen bulebarizazio lanak, pilotalekuko obrak, aurrekontu parte-hartzaileak; Foru Plaza konpontzeko lanak eta Irikaitz parkeko proiektua. Gehikuntza nabarmerna izan du aurrekontuak. Bulebarizazio lanak irailean hastea aurreikusten du erakundeak. 

Zestoako Udalak aho batez onartu du 2024ko udal aurrekontuaren lehenengo aldaketa. Joan zen astean egindako martxoko ohiko udalbatzarrean jorratu zuten aurrekontuetako kreditu aldaketaren gaia, eta aho batez onartu zituzten proposamenak. 

Aldaketa horren barruan, aipagarriena GI-631 errepidearen bulebarizazio lanen proiektuarekin lotuta dagoena da. Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen bidez proiektua diruz lagunduko du, errepide nagusia eta bide segurtasunari dagozkion gastuak finantzatuta. Proiektu horren aurrekontua 1.619.000 eurokoa da, eta udalaren helburua lanak irailean hastea da.

Zestoako Udalak azaldu duenez,  "Zestoa gurutzatzen duen GI-631 errepidea herriak bere egitea da helburua". Modu horretan, "ibilgailuek errepideko abiaduran baino hiri barruko abiaduran ibili beste erremediorik ez lukete izango". Ez da obrak eragingo duen aldaketa bakarra; izan ere, bulebarizazio lanen ondorioz, Arteaga auzoa herrigune nagusira lotuagoa geldituko da. "Auzo beretik errepidearen beste aldera pasa gabe espaloi berritik zuzenean herriko eskolara oinez joatea ahalbidetuko da", azaldu du udalak.

Horrez gain, herriko sarrera-irteeretan aldaketak eragingo ditu proiektuak, eta norabide bakarreko barne zirkulazioa lehenetsiko du, oinezkoei lehentasuna emanez. "Helburua, lanak bi urteko epean amaituta izatea da, exekuzio proiektua udalak jada egina dauka eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere adostua", azaldu du erakundeak.

Bide segurtasunari dagozkion gastuak aldundiak bere gain hartuko ditu, eta herri barruko antolaketa eta irisgarritasunari dagozkionak, berriz, Zestoako Udalak finantzatuko ditu. Beraz, partida honek, 2024ko aurrekontuetan 630.000 euroko gehikuntza bat izan du.

Kiroldegiko pilotalekua eta bestelakoak

Bulebarizazio lanena ez da udalak aurrekontuetako kredituetan jaso duen proiektu bakarra, kiroldegiko lanekin ere jarraituko baitu. Kiroldegiko estalpearen lanak amaituta dauden arren, proiektutik kanpo hainbat lan egin behar dituzte. Alde batetik, pilotalekuko kantxa erabat berrituko dute eta kontrakantxa ere egurrez estaliko dute.

Bestetik, udalak kiroldegiko teilatu berriko eguzki bidezko energia sistema jartzeko dirulaguntza jaso badu ere, beste zatia harengan geldituko da. Horrenbestez, aurrekontuetan dagokion partidak 290.000 euroko gehikuntza izango du.

Gehikuntza txikiagoak ere onartu dituzte. Bsteak beste, aldaketak izango dira honako lerro hauetan ere: aurrekontu parte-hartzaileak; Foru Plaza konpontzeko lanak; Irikaitz aisialdi parkeko proiektua; Arroabeko sarrera-irteeren lanak...

2024a, "mailegurik gabe"

Aurrekontuan izandako gehikuntza horiei aurre egiteko, Zestoako Udalak bere gerakin orokorra erabiliko du. Zehazki, 1.595.573 euro erabiliko ditu gerakinetik. Ondorioz, egingo diren inbertsioak mailegurik eskatu gabe aurre egingo zaie , eta "udalaren zorpetze maila bere horretan geldituko da".